Suizidioaz, 'Ur Handitan' saioan

Senitartekoren baten edo inguruko norbaiten suizidioa bizi izan duten hainbat testigantza bildu ditu Xabier Madariagak

Urtero 3.600 lagunek baino gehiagok bere buruaz beste egiten dute Estatuan. 10 heriotza eguneko. Bi ordu eta erdirik behin hildako bat. Edo beste era batera esanda, auto istripuek eragiten duten hildako kopuruaren bikoitza.

Suizidio hitza tabuari eta estigmari lotuta dago gaur egun oraindik ere, horregatik, senitarteko askok, 'bizirauleek', haiek euren buruari deitzen dioten moduan, ezkutuan gordetzen dute heriotzaren zergatia, gizartearen epaiaren beldur. Egoera honetan aurkitu diren hainbat pertsonen testigantzak bilduko ditu Xabier Madariagak astearte honetako 'Ur Handitan' saioan.

Belen Peralesek 38 urte ditu eta duela 2 urte amak bere burua hil zuen. Amak gaixotasun mentala zuen, depresio handia, eta askotan aitortzen zuen hil egin nahi zuela. Medikuek atentzioa deitu besterik ez zuela egin nahi esaten zioten Beleni. Handik gutxira amak bere buruaz beste egin zuen. Bi urteko doluaren ostean, familia aurrera jarraitzeko moduan dago.

Agustin eta Eva Josebaren gurasoak dira. 2013an inork espero ez zuen berria jaso zuten, beraien bizitza goitik behera aldatu zuen albiste lazgarria: Josebak bere buruaz beste egin zuen 17 urte zituela. Galderaz beteta utzi zituen Josebaren heriotzak gurasoak, baina tamalez, orokorrean, erantzun gutxi aurkitzen dira suizidioaren aurrean. Gaur egun, haien egoera berean daudenei laguntzeak zentzua ematen die beraien bizitzei.

Markelek bere buruaz beste egin zuen 20 urte zituenean. Lur jota utzi zituen ama Elena eta Iker anaia. Baita osaba Carlos ere. Mutiko alaia zen, ikasle fina unibertsitatean, kirolaria, arazorik ez zuen familia baten partaidea. Inork ezin zuen imajinatu bere buruaz beste egiteko gai izango zenik. Hitzekin adierazi ezin daitekeen hutsunea utzi zuen Markelek senideengan. Gaur egun, ingurukoek eskaini dieten babesari esker, eta bakoitzak egin duen lanketa prozesu luze baten ostean, itxaropena itzultzen ari da etxera.

Gabriel Gonzalez kazetari nafarra da. 'Hablemos del suicidio' liburua idatzi du komunikabideek suizidioen gertaerak nola landu dituzten eta, aurrerantzean, nola landu beharko lituzketen inguruko informazioarekin. Gure gaurko protagonista askoren lagun egin da, eta bere burua 'bizirauletzat' ez badu ere, oso gutxik bezala konektatu du dolua bizi duten senitartekoekin.

Aurtengo otsailean Ekai Lersundi ondarrutarraren suizidioak oihartzun ikaragarria izan zuen komunikabideetan. 16 urteko mutil transexualarentzat gehiegizkoa izan zen bere identitatea aitortua izateko eta garatzeko egin behar izan zuen ahalegina. Bere gurasoekin, Elaxarrekin eta Anarekin, egongo gara. Semearen lekukoa hartu dute transexualitateari estigmatizazioa kentzeko borrokan.

Behin gutxi ez balitz, Bea Severrek bi aldiz bizi behar izan du senide batek bere buruaz beste egitea. Duela 18 urte ahizpaordeak hil zuen bere burua. Inork espero ez zuen albistea izan zen. Orain dela bi urte aita ere suizidatu zen saiakera batzuren ondoren. Urteak zeramatzan arazo psikologikoekin.

Euskal Herrian suizidioaz dakien aditurik baldin badago, Jon Garcia Ormaza da. Zamudioko ospitaleko psikiatra da eta gure elkarrizketatu askoren erreferentzia eta babesa.

'Ur Handitan' saioa suizidioaz arituko da, abenduaren 4an, 22:30etik aurrera ETB1en.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos