Soraluze, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan

Zuhaitz eta Pagadi Soraluzen, arma eta guzti./ETB
Zuhaitz eta Pagadi Soraluzen, arma eta guzti. / ETB

Debabarrena eskualdeko herri honetako auzokideen istorioak ezagutuko dituzte Zuhaitzek eta Pagadik

Igande honetako 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan Debabarrena eskualdean izango dira Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi, Soraluzen, garai batean armagintzari esker urte loriatsuak bizi izan zituen herrian.

Pagadik Juan Luis ezagutuaz hasiko du eguna. Herriari buruzko makina bat bitxikeria kontatuko dizkio Juan Luisek. Bai Deba ibaiak ezkutatzen dituen misterioak, eta baita soraluzetarren kondairarik gustukoena ere: bertakoek diotenez, Kristobal Kolon bera Soraluzen jaio omen zen. Egoitzen eskutik, berriz, herriko maskota ezagutuko du Pagadik: Marras. Barraskilo erraldoia da Marras, eta jaietako ikurra izateaz gain, herriko erakunde askoren irudian ere ikus daiteke, hala nola, herrian duten wikipedia partikularrean, Sorapedian. Udaletxera joanda, aldiz, herriko alkatea ezagutuko du: Iker. Hegazti-zale amorratua da, baina, antza denez, uso-zirinekin arazoak dituzte herrian. Usoen anabasari aurre egiteko asmoz ideia bat du Ikerrek: plastikozko hontz bat balkoian jarri eta usoak uxatzea. Halaber, hontza udaletxetik apaizetxera mugitzen lagunduko dio Pagadik. Bidean aurrera eginda Luzio ezagutuko du Pagadik. Luzio perretxikoen maitalea da. Hori du pasio eta sarri joaten da autoa hartuta kilometroak egin eta perretxikoak batzera. Etxean, gainera, izozkailu handi bat du goitik behera perretxikoz betea. Eguna bukatzeko, Gregorito ezagutuko du Pagadik, Gregorito, edo hobeto esanda, Sinatra, berak dioenez, «sin atractivo alguno aparente» baita.

Zuhaitzek, bere partetik, Jose eta Magdalenarekin topo eginda hasiko du eguna. Senar-emazte maitagarriak dira biak eta egunero-egunero ezin faltatuzko hitzordua dute: ariketa pixka bat egitea. Ez edonolakoa gainera, ibiltzeaz gain, 'total crunch' deituriko gimnasio makinan lantzen baitute indarra. Pedriren eskutik, berriz, bere sexualitate askapenari buruzko borroka zer nolakoa izan den ezagutuko du Zuhaitzek. Pedrik 65 urte ditu, homosexuala da, eta gaztaroan hainbat estutasuni egin behar izan zien aurre. Gaur egun zoriontsua da, eta hein handi batean berak irekitako bideari esker ari da Soraluzeko herria ere sexualitate askeaz gozatzen. Baserri aldera igota, aldiz, Ezozi ezagutuko du Zuhaitzek, baserriko ortuariak saltzetik bizi den soraluzetar bakarretakoa. Ezoziri bizipoza dario, eta bere baratzean sekula ez dira falta irribarrea eta rantxerak. Lana eta dantza tartekatzen bukatuko dute biek. Joxerramonen eskutik, aldiz, makina bat bitxikeria ezagutuko ditu Zuhaitzek. Joxerramon basomutil sendoa izana da eta gaur egun ere indar nabarmena du. Hori bai, makina bat istripu eta susto igaro dituen arren, ez du umorerik galdu. Ezbehar guztien errepasoa egingo dio Zuhaitzi, bide batez, egurra txikitzen ere jarrita.

'Herri Txiki, Infernu Handi' igande honetan izango da ETB1en ikusgai, 22:00etatik aurrera.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos