Sexu-erasoak hizpide, '360º' saioan

Eider Hurtadok aurkeztuta, bortxaketa eta sexu-erasoen biktimek duten babesgabetasuna aztertuko du saioak kasu ezberdinen analisiarekin

2018ko sanferminak hasteko egun gutxi falta direnean, La Manada taldeko kideen behin-behineko askatasunak gizartearen haserrea piztu du berriz ere. Sexu- erasoetako biktimek duten babesgabetasunaren adibide argia da kasua. Errealitate judizial eta sozial bortitz honetan barrena murgilduko da igandeko Agresiones sexuales: 2 veces víctima erreportajea, Eider Hurtadok aurkeztutako '360º' saioan.

Hasteko, Eider Hurtado kazetariak Izaskun Gartzaron, Nafarroako Delituen Biktimei Harrera egiteko Bulegoko zuzendaria, elkarrizketatuko du. Izaskunek zuzeneko kontaktua dauka La Manadako biktimarekin, eta telebista kameren aurrean hitz egingo du lehen aldiz, biktimak prozesu judizial osoa nola bizi izan duen azaltzeko.

La Manada kasuaren epaileen jarrera oso kritikatua izan da, baina ez da izan euren epai polemiko bakarra. '360º' saioak beste kasu baten berri emango du. Aitarengandik behin eta berriz abusuak jasan zituen neskatila baten amarekin mintzatuko dira. Alabaina, epaileek ez zuten gertakarietan erasorik ikusi, abusua baizik. Bere alaba, Nafarroan eskolta eraman zuen lehen biktima izan zen.

Nagore Laffageren erahilketa ere gogora ekarriko dute, 10 urte beteko diren honetan. Kasu honetan ere iritzi publikoa eta epaileena ezberdinak izan ziren, eta Jose Diego Yllanes hiltzailea kalean dago baldintzapeko askatasunarekin. Hala ere, inork ez daki non dagoen. Zergatik da horren zaila Yllanesekin bat egitea? Norbaitek babesten ote du? Egia da bere familiak Opus Deiarekin harreman estua duela? '360º' saioko ikerketa taldea bere aztarnaren bat topatzen saiatuko da.

Saioak amaitzeko, Gaztelueta kasua aztertuko du. Ikastetxe honetako ikasle adingabe batek irakasle bat salatu zuen sexu abusuengatik.

Igande honetako '360º' saioak bortxaketa eta sexu erasoetako biktimen babesgabetasuna erakusten duten hainbat kasu azalduko ditu Agresiones sexuales: 2 veces víctima atalean, 22:00etatik aurrera, ETB2n.

'No recuerdo nada' erreportajea

Ondoren, ETB2k 'No recuerdo nada' erreportajea eskainiko du. Biktima, polizia, jurista, psikologo, abokatu kriminalista eta toxikologoen eskutik, abusu eta eraso sexualetan geroz eta ohikoagoak diren sustantzia kimikoak aztertuko ditu. Sustantzia horiek biktimaren borondatea baliogabetzen dute, eta bortxaketa edo lapurreta errazten dute.

Polizia eta osasun zerbitzuak sustantzia hauen erabilpenarekin oso kezkatuta daude. Bartzelonako ospitalean tratatzen diren bortxaketa kasuen %29 sustantzia kimikoen erabileraren ondoren ematen dira. Gainera, gertatzen diren kasu gehienak ez dira salatzen. Izan ere, salaketa gehienek ez dute aurrera egiten, biktimaren bertsioa eta erasotzailearen bertsioa kontrakoak izaten dira, eta azkeneko honek onartutako sexu harremanak izan zirela esango du beti.'Burundanga' da mota honetako sustantziarik ezagunena eta nazioartean gehien erabiltzen dena. Hala ere, bai Katalunian zein Estatu mailan farmaziatan erraz lortu daitezkeen produktuak erabiltzen dituzte burundagaren ordez.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos