Sexu abusuak haurtzaroan, 'Ur Handitan' saioan

Adin txikikoak zirenean sexu abusuak pairatu zituzten zenbait biktimen testigantzak bilduko ditu Xabier Madariagak denboraldi berriaren lehenengo atalean

Familia, haurrak eta sexua. Gizartearen hiru zutabe kolokan jartzen dituzte adin txikikoen kontrako sexu abusuek. Bost haurretatik batek pairatzen ditu, eta erasotzailea gertuko pertsona bat izan ohi da. Halaxe diote gaia lantzen duten elkarteek. Isilpean mantendu ohi dira, baina 'Ur Handitan' saioaren denboraldiko estreinaldian biktimek haien testigantzak kontatu dizkiote Xabier Madariagari.

Iñigo Zabala 42 urteko durangarrak aitarengandik jasan zituen sexu abusuak. Urte eta erdi zituela hasi zen Iñigoren amesgaiztoa. Zehazki gertatzen zenaz kontziente izan ez arren, eragiten zion minagatik jakin zuen pairatzen zuena ez zela egokia. Bere etxean, familian, umeen babesleku izan behar zuen espazioan, beldurrez bizi izan zen etxetik alde egin zuen arte. Bizi osorako zauria utzi zioten abusuek, bai eta lotsa eta erru sentsazioa, duela hiru urte bere bikoteari kontatu eta Garaitza elkartean terapia hasi zuen arte.

Ana Saez bilbotarra ere Garaitzara joan zen laguntza eske. Hasiera batean mesfidati bazen ere, bertan aurkitu zuen behar zuena. Umetan abusuak jasan zituzten Irantzuk eta Virginiak ere hala diote. Anak bere bikoteari 25 urte ingururekin kontatu zion gertatutakoa eta prozesu luze baten ondorioa da bere gainditze egoera. Anaren abusu kasuetan, konfiantzazko eremu batean eman zirenez, abusatzaileak ez zuen biolentzia erabili behar izan, eta horrek Anaren distortsioa areagotu zuen.

Gitan Pau Gonzalezek ere oso esperientzia gogorra izan zuen umea zenean, baina 30 urte bete zituenean bere egoerari buelta ematea erabaki zuen. Erasotzailearengana joan eta aurrez- aurre esan zion gogoratzen zituela umea zenean egin zizkionak. Ez zuen gustuko erantzunik jaso, baina bere ausardiak barruan zeukan zauria arintzeko balio izan zion.

Biktima izan diren adin txikikoek bizitza guztian zehar izango dute abusuen zauria, eta ez da batera erraza zama hori arintzea. Gaia lantzen duten adituek prebentzioaren eta detekzio azkarraren garrantziaz ohartarazten dute, baita gaia plazaratu eta gizartea kontzientziaren garrantziaz ere. Lan handia dago oraindik egiteko, baina zertan hobetu daitekeen azaldu dute saioan Maitane Urizar Gure Sarea elkarteko kideak, Amaia Arbeloa pediatrak eta Augusto Maeso epaileak.

'Ur Handitan' saioak adin txikikoen kontrako sexu abusuei buruz prestatu duen atala asteartean, azaroaren 27an, izango da ikusgai 22:30etik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos