Borrar
REUTERS
Sanferminetan murgilduko da EiTB

Sanferminetan murgilduko da EiTB

Txupinazotik abiatuta, taldeko hedabide guztiek zuzenekoak eta tarte bereziak eskainiko dizkiote Iruñeko festari

Viernes, 6 de julio 2018, 11:05

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Euskal Irrati Telebistak ostiral honetan, uztailak 6, hasiko diren San Fermin jaiei arreta berezia eskainiko die. Txupinazoa zuzenean jarraitu ahal izango da EiTB taldeko hedabideetan, eta astean zehar zuzeneko konexioak eta saio bereziak eskainiko dira. Bestalde, urtero legez, San Fermin pilota eta erremonte torneoak ikusgai izango dira.

Txupinazoak emango die hasiera San Fermin jaiei uztailaren 6an, eguerdiko 12etan. ETB1ek 11:15ean egingo du bat Iruñeko udaletxeko plazarekin ekitaldia zuzenean eskaintzeko. Urtero bezala, Aritz Agirrek eta Ilaski Serranok egingo dute emanaldiaren gaineko kontakizuna; Aitor Perezek, berriz, udaletxeko elkarrizketak egingo ditu eta Maite Eskarmendik kaleko giroaren berri emango du.

Horrez gain, Ilaski Serranok aurkeztuta, 'Sanferminak 2018' saioa izango da ikusgai ETB1eko gauetan: larunbatean, astelehenean eta asteartean. Saioak eguneko momenturik onenak bilduko ditu eta ondoren emanaldi berezi bat eskainiko du.

'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiek eta ETB2ko 'En Jake', 'Que Me Estás Contando' eta 'Está Pasando' saioek ere gertutik jarraituko dute jaiaren aktualitatea eta festa egunero.

San Fermin egunean, ETB1en, gaueko 22:00etatik aurrera, 'Sanferminak 2018' programa emitituko da Ilaski Serranoren eskutik. San Fermin jaietan buru-belarri ibiliko da Ilaski Serrano. Batetik, Lesakan San Fermin eguna nola ospatu duten erakutsiko du, eta egun horretan dantzatzen duten Zubigaineko dantzaren irudiak eta erreportajea ekarriko ditu. Bestetik, San Fermin eguneko Iruñeko irudiak ere bilduko ditu Ilaskik, eta besteak beste, Puro Relajo mariatxi talde nafarrak euren herrian, Oibarren, emandako kontzertua eskainiko da ETB1en, San Fermin eguna behar bezala ospatzeko.

Astelehenean, Ilaski Serranok Iruñeko sanferminetako giroa ekarriko du beste behin ETB1era. Oraingo honetan, San Fermin jaietako ikur diren buruhandi eta erraldoien konpartsarekin egindako kalejiraren erreportajea landu du. Goizero irteten da iruindarrek hainbeste maite duten konpartsa hau hiriko kaleetan, eta saioko lan-taldeak bertatik bertara jarraituko du egun horretan.

Horren ondoren, Ilaskik, Iruñeko Gaztelu plazatik, Gozategi taldeak euren 25. urteurrena ospatzeko emandako kontzertua ekarriko digu gogora.

Asteartean, berriz, Ilaskik sanferminetako entzierroen inguruko erreportajea eskainiko du. Entzierroetan eta zezen kontuetan aditua den Mikel Armendariz iruindarrarekin elkartuko da eta entzierroetan irteteko eta parte hartzeko baldintzak azken urteotan nola zorroztu diren aztertuko dituzte elkarrekin. Horren ondotik, Iruñeko Baluarte jauregian ospatzen duten Euskal Kantuen bazkariko kantaldia ikusi ahal izango dugu. Angel Mariezkurrena eratsundarrak antolatzen duen herri bazkaria da, eta betiko gure euskal kantuak kantatzen ikusiko ditugu sanferminetako giro bikainarekin.

ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute larunbat honetan Labrit pilotalekuan 11:00etatik aurrera Jokin Altunaren eta Oinatz Bengoetxearen artean jokatuko den Lau T'erdiko San Fermin Torneoko finala. Berebat, binakako txapelketa eta erremonteko torneoa ere ETBn eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango ditugu. Binakako finala hilaren 14an jokatuko da Labriten eta erremontekoa hilaren 12an Uharten. Halaber, aurten lehen aldiz antolatu den emakumezkoen txapelketako finala ere ikusgai izango da hilaren 15ean.

Aurten ere, EiTBko irratiek Iruñetik bertatik jarraipen handia egingo diete jaiei. Esaterako, uztailaren 6an Gazteako 'Dida Fresh' irratsaioa Gaztelu Plazatik bertatik egingo da, txupinazoaren aurreko uneak zuzen zuzenean emateko. Uztailaren 7an, berriz, Radio Vitoria eta Radio Euskadiko 'Por la Sombra' saioa Gaztelu Plazatik bertatik eskainiko da 09:00etatik 13:00etara. Uztailaren 8an, halaber, Euskadi Irratiaren 'Amarauna' saioaren zati garrantzitsu bat bertatik egingo dute.

Txupinazoa zuzenean emango da lau irratietan. Euskadi Irratian Iñaki Elorza 'Txapas'-en eta Mikel Yarzaren eskutik izango da eta Gazteak ere bat egingo du. Radio Euskadin eta Radio Vitorian Satur Leoz eta Mikel Donazar arduratuko dira emankizunaz.

Berebat, egunero, Euskadi Irratiak, goizean goiz, La Pamplonesaren dianak zuzenean emango ditu eta ondoren, entzierroak, Iñaki Elorzaren kontakizunarekin. 'Blai' saioan jaiaren azken ordua helaraziko du Elorzak.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios