Rafa Ugalderen 'Hondar aleak' aztertuko du 'Arte[faktua]'k

Rafa Ugalde, bere azken liburuaren aurkezpenean./SARA SANTOS
Rafa Ugalde, bere azken liburuaren aurkezpenean. / SARA SANTOS

Beatriz Azpiri kazetaria gonbidatu du Ugaldek; Bizkaiko Arratia eskualdean argitaratzen den 'Begitu' aldizkariko kazetaria eta zuzendaria

Larunbat honetako 'Arte[faktua]' saioan atzera begirako bidaia bat egingo du Rafa Ugaldek bere gogoetak poesiaz jantzita. Bilboko Udalak antolatzen duen Blas de Otero Nazioarteko X. Poesia Lehiaketa irabazi zuen 2017an Hondar aleak liburuan agertzen diren poemekin.

Idazlearen bizitza atalak dira Hondar aleak: beldurrak eta zalantzak, maitasun galduak, gurasoekin izan gabeko harremanen mina, edo bizitzari zentzua ematen dion heriotza ulertzeko ahaleginari buruzko testuak jaso ditu, besteak beste, lan horretan.

Diman (Bizkaia) grabaturiko 'Arte[faktua]'ra Beatriz Azpiri kazetaria gonbidatu du Ugaldek. Bizkaiko Arratia eskualdean argitaratzen den Begitu aldizkariko kazetaria eta zuzendaria da Beatriz Azpiri eibartarra. Bi astez behin 6.500 ale ateratzen ditu Begitu-k, Arratiako albistez osatuta eta bertako euskaran idatzita, doan banatzen da etxez etxe.

Irakurlearen txokoa-n Pako Aristiren Euskararen isobarak liburua gomendatuko du Zefe Ziarrusta dimaztarrak. Galdetegia atalean, literaturako zein pertsonaia izatea gustatuko litzaiokeen kontatuko du Nerea Arrienek. Bestalde, berriro zein liburu irakurriko lukeen galdetu diote Kattalin Minerri. Eta Ekaitz Goienetxeak argituko du harro egongo litzatekeela berak idatziak izan balira Harkaitz Canoren Beluna jazz eta Eider Rodriguezen Bihotz handiegia.

Armentiako ikastolako hiru lagun izango dira protagonista Booktuberra atalean. Beraien apustua, John Andueza idazlearen Danba! liburua izan da. Azkenik, Thierry Biscary musikari baxenafartarrak bere Apalategiko liburu kuttunen berri emango du.

Larunbateko 'Arte[faktua]' saioa nobedadeek, liburu-denden gomendioek, pitxiek eta epilogoak osatuko dute.

Saioa arratsaldeko 15:00etatik aurrera izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos