Rafa Rueda, asteleheneko 'Gure Kasa'n gonbidatu

Musikariak bere ibilbidea errepasatu eta zuzenean abestuko du platoan

Rafa Rueda musikaria izango da astelehen honetako 'Gure Kasa' saioan gonbidatu. 20 urte zituela, Pi.L.T. musika taldea sortu zuen. Nork ez du gogoratzen 'Hil da jainkoa' abesti arrakastatsua? Ondoren, bakarkako bidea hartu zuen eta bere ibilbidean zehar, zazpi disko kaleratu zituen; azkenekoa, 'Hiri kristalezkoa'.

Bere ibilbidea errepasatu eta zuzenean abestuko du Mungiako musikariak. Nahiara Gagok, Rafa Ruedaren bideoklipa oinarri hartuta, jolas bat prestatuko du.

Nerea Alias, bestalde, ETBko artxiboan murgilduko da, eta Rafaren irudi zahar eta bitxienak erakutsiko ditu. Onintza Enbeitak, berriz, bi aukera emango dizkio gonbidatuari: kartak ala bertsoa botatzea nahiago al du? Zer aukeratuko du kantariak?

Amaitzeko, Iban Garcia youtuberrak etxerako moduko trikimailu praktikoak erakutsiko dizkie ikus-entzuleei. 'Gure Kasa' astelehen honetan izango da ikusgai, 21:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

Temas

Euskera