Presoak eta haien senideak izango dira 'Katebegia' saioko protagonistak

'Galderaz jositako bidaia' izeneko atalean kartzelan egoteko arrazoiak direnak direla ere euren senidea bisitatzera joaten direnek euren bizipenak partekatuko dituzte ikus-entzuleekin

Ostegun honetan, presoak eta haien senideak izango dira 'Katebegia' saioko protagonistak. Preso dituzten senideak bisitatzera joaten diren uneak nola bizi dituzten azalduko dizkigute protagonistek, hau da, galderaz jositako bidaiei zein eratan aurre egiten dieten. Bost pertsonen bizipenak izango ditu saioak ardatz:

Angel Toña sailburu ohi eta bitartekari izateagatik ezagutuko dute askok. Baina kasu honetan, bere bizitza pribatuari erreparatuko diogu, preso baten senidea baita. Toñaren lagun bat eta haren emaztea hil zirenean haien seme-alaben ardura hartu zuen. Seme-alaba horien artean une hartan ihesean zegoen mutil bat zegoen, Aitzol. Bere aita hil eta urtebetera atxilotu zuten, eta geroztik, bederatzi urteotan, Toñak bi hilabetero egin dio bisita bat, egon den espetxe bakoitzera. Galderak egin izan dizkio, baina ez du inoiz bera bisitatzera joateko zalantzarik izan.

Maria Jauregik 19 urte zituen ETAk haren aita Juan Mari Jauregi hil zuenean. Berak dio hainbatetan unibertsitatean presoei buruz hitz egitean eztabaidak izaten zituela. Bigarren aukeretan sinesten duela dio, denek merezi dugula hori. Eta ikaskideei hori esatean erantzuna hau izaten zela dio: «diozuna esan ETAren biktimei», bera biktima bat zela jakin gabe.

Sara Majarenas preso ohia da, eta kartzelan preso egon den garaiaz eta bere bikote zena haien alaba hiltzen saiatu zen momentuaz hitz egingo digu. Hurrengo egunera arte ez zuen gertatutakoa jakin, ezta alabak zuen larritasunaz ere. Bizitzaz eta heriotzaz izango gara berarekin hizketan.

Joxe Mari Agirretxe, Porrotx pailazoa, Ibon Fernandez Iradi gaixo dagoen presoaren osaba da. Horrez gain, sakabanaketaren aurka bideo bat egin zuten duela 10 urte, eta bideo horren ondorioz, foku artean egon ziren pailazoak. Hainbat ekitaldi galtzera ere iritsi ziren.

Xabi Solano Esne Beltzako abeslariak kontatu digu bere talde gehienen letrak kartzelan egon den, eta egun ihesean dagoen lagun eta taldekide batek idazten dituela. Aspaldi, 1995ean desagertu zen, eta ondo gogoratzen du egun hura.

Saioa bere horretan osatzeko, bidaia bat ere egin dugu, Herrera de la Manchako kartzelaren ondoan dagoen Menano hotelera. Bertako jabearekin izan gara, bertan pasatzen dituztelako gauak hainbat presoren senideek. Eurekin duten harremanaz hitz egin dugu berarekin.

Ostegunetan emititzen da 'Katebegia', 22:30ean, ETB1en. Orain arteko atal guztiak EiTB Nahieran atarian daude.

Temas

Euskera