Ormaiztegiko ohitura eta biztanleak, 'Historias a Bocados' saioan

Joseba Arguiñano sukaldari eta gozogilea Ormaiztegin izango da igandean bertako ohitura gastronomiko eta auzokideak ezagutzen

Ormaiztegi bisitatuko du igandean Joseba Arguiñano sukaldariak. Bertan hainbat plater berezi dastatu ahal izango ditu, auzokide eta toki berriak ezagutu bitartean.

Zumalakarregi Museoa bisitatzea ezinbesteko gauza da Gipuzkoako herri honetan, izan ere, herriaren izenaren jatorria zein den ezagutzearekin batera, XIX. mendeko Euskal Herria hobeto ezagutzeko baliagarria da museo hau bisitatzea. Joseba barrura sartu ahal izango da Unzurrunzaga ahizpak atea zabaltzerakoan. Izaskun eta Lierni dira bi ahizpen izenak, euren amaren aldeko birraitonek erosi zioten garai batean Zumalakarregitarrei baserria. Etxearen jabe izan ziren museo bilakatu zen arte. Horrez gain, frente karlistan patata tortilla egiten hasi zirela kontatzen du kondairak, Zumalakarregik baserri batean produktuak eskatu eta nahastu zituenean. Plater hau berau izango da atal honetako protagonistetako bat bi ahizpek Ormaiztegin bizitzea zer den kontatzen dioten bitartean.

Itxune taberna, Goierri aldean ezaguna, 80. hamarkadan negozio honen alde egin zuen lehenetariko gau-tabernetako bat da. Agustin Garabide izan zen kopa eta musikara bideratutako taberna honen bultzatzailea. Urpeko telegrafista izandakoa da, eta 1983an herrira bueltatu zenean erabaki zuen Itxune zabaltzea. Orduko gau-taberna, pentsioa da orain. Tokiak oraindik auto bat mantentzen du sabaian, orduko tabernaren apaingarri. Agustinek bertan izango du Josebak egindako oilasko entsalada dastatzeko aukera. Gainera, auto zaharren bildumagilea ere bada Agustin, eta egun oraindik funtzionatzen duen sidecar zaharretako bat du.

Juan Carlos Diez Soto da Joseba harrituko duen azken ormaiztegiarra. Bere istorioek toka jokoarekin izango dute hasiera, izan ere, Soto txapelduna ei da joko honetan. Txapelduna izandakoa da baita ere odoloste pintxoak egiten. Momentu gastronomikoak horixe beteko du hain zuzen ere, odoloste pintxoa buztanarekin. Hala ere, Soto-k badu beste pasio bat, intxaurrak ipurdiarekin zabaltzea. Pintxoak dastatu ostean, Josebak proban jarriko du Soto, 15 segundotan zenbat intxaur apur ditzakeen ikusteko.

Temas

Euskera