Nikaraguako errepresioa aztergai, 'Ur Handitan' saioan

Xaibier Madariaga./
Xaibier Madariaga.

Daniel Ortega presidente sandinistaren gobernuak pentsioak murriztu nahi izan zituen, eta, berehala, kontrako manifestariak agertu ziren kaleetan. Handik aurrera, biolentzia giroa nagusi izan da

Astearte honetan, 'Nikaragua, sumendiaren barrutik' atala eskainiko du 'Ur Handitan' saioak. Lantaldeak atzerrian egin duen saio sortaren azkena izango da, zortzigarrena, eta Nikaraguako errepresioa izango du aztergai.

Erdialdeko Amerikako herrialde exotikoa da Nikaragua, sumendien eta lakuen lurraldea. Ikusteko ederra, baina azken hilabeteotan arriskutsua: sumendiak ez baitu abisatzen noiz lehertuko den. Apirilean hasi zen Nikaraguako leherketa. Daniel Ortega presidente sandinistaren gobernuak pentsioak murriztu nahi izan zituen, eta, berehala, kontrako manifestariak agertu ziren kaleetan. Handik aurrera, biolentzia giroa nagusi izan da Nikaraguan.

Kanpoko iritzi gehienek gobernua jotzen dute erruduntzat, baina gobernuak dio manifestariak eurak izan direla «ezohiko bortizkeriaz» oldartu direnak. Baina zer gertatzen da benetan? 'Ur Handitan' Nikaraguako sumendi barruan izan da erantzun bila.

Nestor Lejarreta berriztarra Marino Lejarreta txirrindulari handiaren anaia da. Erretiroa hartu bezain pronto Nikaraguara joan zen bizitzera, bere bikotekidea Managuakoa baita. Gustura bizi da 'epeletan'. Nikaraguako gatazka atzerriko hedabideek puztu dutela uste du: «Nikaraguako gizartearen gehiengoa Daniel Ortegaren alde dago, baina hori ez da Europan irakurtzen dituzuen egunkarietan azaltzen».

Oso bestela pentsatzen duen beste gonbidatu euskaldun bat ere elkarrizketatu du Xabier Madariagak. Izena eman gabe eta kamerari bizkarra emanda. Baldintza horiek jarri ditu elkarrizketa emateko: «Gobernua kritikatzen ikusten banaute, nireak egin du. Atxilotu edo herrialdetik botako naute. Nikaraguan bizi dugun egoera Frankismoa baino okerragoa da. Eta ez naiz exajeratzen ari. Frankismo garaian atxilotu ninduten, badakit zertaz ari naizen».

Nikaraguako gizartea guztiz polarizatua dago, eta saioan zehar azalduko diren gonbidatuek oso errealitate ezberdinak azalduko dituzte. Herrialdea ahalik eta ondoen ulertzen laguntzeko, Nikaraguako gizartean pisu handia duen jendearengana jo du Madariagak, hala nola, Luis Carrion komandante sandinista ohia edo hilabeteotako liskarrengatik alaba preso duen Carla Tamara Zamora ama.

Nikaragua, sumendiaren barrutik atala urriaren 23an ikusi ahal izango da 'Ur Handitan' saioan 22:30etik aurrera ETB1en.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos