Miriam Ocarizen sormen unibertsoa, 'EiTB Kultura Transit'en

Miriam Ocariz bere erakusketako pieza baten aurrean, alboan Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara eta Kultura foru diputatua duela./MAIKA SALGUERO
Miriam Ocariz bere erakusketako pieza baten aurrean, alboan Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara eta Kultura foru diputatua duela. / MAIKA SALGUERO

Horrez gain, Aitziber Garmendia aktorearekin eta Mirokutana produkzio-etxeareko arduradunekin izango da saioa

Aste honetako 'EiTB Kultura Transit' saioak sormena ulertzeko hiru eredu ezberdin proposatuko ditu. Miriam Ocariz arropa diseinuan aski ezaguna bada ere, azken aldian modaz aparteko beste hainbat eremutan aritu da lanean. Bilboko Rekalde aretoa Ocarizen munduari begira jarri da orain; bere marrazkigintzari, oihalei, zein eguneroko objektuei esanahi berria emateko duen abileziari begira. 'EiTB Kultura Transit' Ocarizekin izan da bere sormen unibertsoari eta inspirazio iturriei buruz hizketan.

Umetan lehenengo aldiz oholtzara igotzearekin batera jakin zuen Aitziber Garmendiak antzezle izan nahi zuela. Ulergarria den moduan, oholtzarik kutunena bere jaioterrikoa du: Zaldibiakoa. Eta Zaldibian bertan elkartu da 'EiTB Kultura Transit'ekin bere kultur proposamenen inguruan jarduteko. Alfredo Sanzolen 'La respiración' antzerki obra, 'Lolita' eleberria, 'La vita è bella' eta 'Relatos salvajes' filmak alde batetik eta Janis Ianen abestiak izan dira, bestetik, Aitziberren gomendioak.

Ander Iriartek eta Aitor Bereziartuak osatzen dute Mirokutana ekoizpen-etxea. Oiartzuarrak biak, ikus-entzunezkoak maite dituzte, eta kultur identitate eta giza eskubideen gaietan buru-belarri murgilduta daude. Zigilu horiek guztiak islatzen dira haien lanetan hain zuzen ere: Txiki eta Otaegiren fusilamenduan oinarritutako dokumentaletik hasi, fosa komunei buruzko 'Lisbeth' film laburretik igaro eta Ez Dok Amairu, Gaur eta Euskal Sukaldaritza Berria mugimenduak batzen dituen 'Bihar dok 13' filmeraino.

Nola lan egiten duten ezagutzeko aukera izango da aste honetako 'EiTB Kultura Transit'en. Aurrerapen modura, esan daiteke umore askorekin, Mamut zentro komertzialeko joan-etorriez inguratuta eta Aiako Harriei begira jarduten dutela. Eta tortilla pintxo bana eskuan badute, hobe.

'EiTB Kultura Transit' saioa ostegun gauean izango da ikusgai ETB1en eta ETB2n.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos