Memoria historikoa izango du ardatz 'Ur Handitan' saioak

Xabier Madariagak Espainiako gerra zibilak utzitako gerra krimenak ekarriko ditu gogora, garai hartako hainbat testigantzaren bidez

Espainiako gerra zibileko gerra krimenen kontakizuna ez da berriki arte egin, frankismoaren errepresaliatuak isilik eta baztertuta egon baitira. 80 urte geroago, ordea, berandu baino lehen, haien testigantzak jasotzea beharrezkoa da eta testigantzen bilketa horretan bere alea jarriko du aste honetan 'Ur Handitan' saioak.

Gurutze Telleria eta Mari Jose Azkarate izango dira lehen protagonistak. Umetatik ezagutu zuten bere izeba Anttoni eskuineko eskuan bi hatz gutxiagorekin. Istripu baten ondorio izan zela kontatu zien beti izebak. Hil baino bi urte lehenago, ordea, hitz egiten hasi zen. 1937an, soldadu frankistak Telleria baserrira joan zirela esan zien. Gurasoek aurre egin zietela, eta borroka hartan hil zituztela. Anttonik berak beste tiro bat jaso zuen, eta ondoren bortxatu egin zuten. Lotsagatik eta beldurragatik, sufrikario hori bizitza osoan zehar barruan eraman zuen Anttonik, hil baino bi urte lehenago azaleratu zuen arte.

82 urte luzeren ondoren, 2018ko irailaren 2an atera zituzten lurpetik Marcelo Lasaren hezurrak. 17 urterekin hil zuten; zenbait herritarrek ezinikusi handia zioten abertzalea izateagatik. Joxe Angel Munduate izango da saioko beste gobidatuetako bat, Marceloren iloba. Izan ere, liburu batean irakurri zuen hilketaren aipamena eta ikerketa luze baten ondoren, hilketaren lekuko bat, Patxi Lakuntza, aurkitu zuen. Patxik gertatutakoa xehetasun osoz kontatzearekin batera, lurperatu zuten leku zehatza adierazi zion.

Pepi Berasategi Etxeberria donostiarra da, antiguotarra. Aita, Hipolito Berasategi, Guardia Zibilak atxilotu zuen 1936ko urrian. Ondarretako espetxean egon zen preso. Pepiren ama, Joxepa Etxeberria, egunero pasatzen zen kartzelatik, jana edo arropa eramatera. Egun batean, ordea, senarra bertan ez zela esan zioten Guardia Zibilek, «askatu egin zutela». Hipolito, ordea, ez zen gehiago etxean agertu. 83 urte daramatza Pepik aitaren bila.

Josefina Lamberto izango da azken gonbidatua. Josefina Nafarroako Larraga herrian hil zen 1929an eta hiru ahizpetan gazteena zen. 1936ko abuztuaren 15ean bi guardia zibilek aita eta ahizpa Maravillas eraman zituzten etxetik. Maravillas bortxatu egin zuten, eta ondoren biak hil zituzten. Josefinak zama horrekin bizi behar izan du bizitza guztian.

Memoria historikoarekin lotutako testigantza horiek guztiak, urtarrilaren 8an, 'Ur Handitan' saioan ikusi ahal izango dira, 22:30etik aurrera, ETB1en.

Temas

Euskera