Maria Cristina hotelaren barrunbeak erakutsiko ditu 'Handitzen, handitzen' saioak

Donostiako bost izarreko hotela bisitatuko du igande honetan Zuhaitz Gurrutxagak Aratz, Jone, Izar, Irei eta Garazirekin batera

Donostiako Maria Cristina hotela bisitatuko dute igande honetan Zuhaitz Gurrutxagak eta bere lagun taldeak 'Handitzen, Handitzen' saioan. Aratz, Jone, Izar, Irei eta Garazirekin batera hiriko bost izarreko hotel bakarra eta bertako langileak ezagutzeko aukera izango dute.

Eguna modu ezin hobean hasiko dute Ireiek eta Zuhaitzek: hoteleko buffetean gosaltzen. Besteak beste, madalenak, gozokiak eta kabiarra probatuko ditu Irei txikiak. Bitartean, Haizeak, bertako langile batek, bezeroekin duten gertuko harremana azalduko die.

Jonek Beñat izeneko hoteleko atezaina ezagutuko du. Bere lana bezeroen kotxeak aparkatzea eta maletak geletara igotzea dela kontatuko die. Joneren maleta logela ikusgarri batera igo ostean, barruan umeak gordetzen duena deskubrituko dute aurkezleak eta atezainak.

Bestetik, Izarrek eta Zuhaitzek hoteleko lanbide bitxi bat deskubrituko dute: Edurne kontserjearena. Lanparako jeinua izango balitz bezala, bere eginkizuna bezeroen eskakizun guztiak betetzea da. Hori aprobetxatuz, Izarrek eskakizun berezi bat egingo dio Edurneri. Emaitza, ataleko momenturik hunkigarriena izango da.

Aratzek argi dauka zer izan behar duen luxuzko hotel batek: logela barruan komun propioa. Hori konprobatzeko, Susanarekin batera Bette Davis suita bisitatuko dute gure protagonistek.

Azkenik, Garazirekin batera hoteleko taberna ezagutuko du Zuhaitzek. Aitorren laguntzarekin koktel bat asmatuko du Garazik, eta bertan ere oso bezero bereziak topatuko dituzte: Begoña eta Manoli, 80 urtetik gorako bi emakume donostiar.

Umorea, une politak eta sorpresa ugari izango dira 'Handitzen, Handitzen' saioaren bigarren atalean, igandean, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.