Maite Darceles idazlea gonbidatu 'Arte[faktua]'-n

Gainera, Luis Garde poeta, Asisko Urmeneta komikigilea eta Alberto Barandiaran idazlea izango dira 'Galdetegia' atalean

'Bihotzean daramagun' mundua nobela argitaratu berri du Maite Darceles (Hondarribia, 1971) idazle berriak, eta larunbat honetan 'Arte[faktua]' saioan izango da gonbidatu. XXI. mendearen erdialdean kokatutako istorioa agertzen da bertan. Teknologiaren aurrerapenak erabat erraztu du jendearen bizimodua. Baina sistemaren kontrolpean bizi dira gizakiak. Sistema gobernatzen duten gutxi batzuk erabakitzen dute jendea non ibil daitekeen eta non ez, zer ikus dezakeen eta zer ez. Pentsamendu kritikoa ezabatu egin du sistemak eta gizartea artalde bihurtu du.

Gaurko gizarteak daraman bidea ikusirik distopia eraiki du Darcelesek. «Distopia bat da, baina gaurko munduaz ari naiz», dio idazleak, uste baitu azaleko harremanetara gero eta gehiago jotzen duen gizartean bizi garela.

Eleberriaren bidez bizi dugun munduaz hausnarketa egiteko bidea ireki nahi izan duela azpimarratu du Maite Darcelesek.

Galdetegia atalera etorriko dira Luis Garde poeta, Asisko Urmeneta komikigilea eta Alberto Barandiaran idazlea. Gehien pentsarazi dien liburuaz hitz egingo digute hirurek.

Horrez gain, Gasteizera jo du 'Arte[faktua]'k Apalategia saila osatzeko. Bertan Talka arte galeriako Gorka Basterretxeak bere liburu kuttunez hitz egin digu. Baita, saiatu arren, bukatu ezinik utzi duen liburu klasikoaz ere.

'Arte[faktua]' larunbat honetan izango da ikusgai 15:00etan ETB1en.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos