Lazkaon izango da 'Herri Txiki, Infernu Handi'

Errege egunean, Lazkaon nahasiko dituzte bazterrak Zuhaitzek eta Pagadik. Biek bertako auzokide eta istorio desberdinak ezagutuko dituzte bertan

Igandeko emankizunean Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi Lazkaon barrena ibiliko dira herriko jende eta istorioen bila.

Pagadik ezusteko handi batekin hasiko du eguna Etxe Zuri sagardotegian. Bertan, merkantziaren zain dagoen sukaldaria topatuko du, Borja, hain zuzen. Merkantzia, ordea, ibilgailu berezi batean ekarri diote: kotxe funebre batean. Hildakoak garraiatzeko erabiltzen zen Ford Granada baliatzen du Jose Luisek herrian eta eskualdean zehar fruta banatzeko.

Ondoren, Joxpi eta Bixenta topatuko ditu Pagadik Lazkaoko mojen komentuko lorategian. Joxpik, Bixenta bezalako beste 22 asto dauzka. Lazkaok astoarekin duen lotura azalduko digu Joxpik. XVII. mendean hasi omen ziren Lazkaoko mojak astoarekin errepresentazioa egiten. Bertan, Jesusek Egiptorantz egindako ihesaldia irudikatzen zuten. Hura izan zen egungo Astotxo egunaren hazia. Hau guztia kontatzen ari zaion bitartean, telefono dei bat jasoko du Joxpik eta momentu barregarria sortuko da.

Bikote eder honekin izan ostean, Palisto eta Txurdo anaiekin txakolin bat hartuko du Pagadik. Elkarri ziria sartzen aritzen diren anaiak dira Palisto eta Txurdo. Kirolak eta pilotari zireneko garaiak sortzen dituzte ika-mika gehien euren artean. Bukatzeko, Lazkaoko kalbarioan errezatzen harrapatuko du Pagadik Santi. 95 urte ditu Santik eta egunero-egunero, Lazkaoko kalbarioan dauden hiru gurutzetako ibilaldia egiten du Jainkoari «gora joateko puntuak» eskatzeko.

Zuhaitzek, bere partetik, mendi aldean hasiko du eguna, Lazkaomendin, Lazkao Txikiren jaiotetxetik gertu. Bertan Javierrekin egingo du topo. Puruzale amorratua da Javier eta purua emango dio Zuhaitzi erre dezan. Ez da kapaz izango, ordea. Gero, 1962ko Mobylette batean igoko dira biak eta Javierren baserrira joango dira. Han, antiguedadeak erakutsiko dizkio Javier eta bertatik «bedeinkatuta» bidaliko du Zuhaitz.

90 urteko Cayetanarekin ere hitz egingo du Zuhaitzek. Emakume honek, beste Cayetana batekin, Duquesa de Albarekin, hain zuzen, edukitako hizketaldiaren berri emango dio Zuhaitzi. Lasarteko hipodromoan gertatu omen zen. Horrez gain, Lazkaoko Cayetanak 15 seme-alaba eduki dituela esango dio Zuhaitzi, bere senarra zenak «erremolatxa biltzen baino beste leku batean egotea nahiago» omen zuen eta.

Manuelene, garai batean Lazkao erdian egon zen baserri eta izen bereko taberna bat izan zen. Bertako alaba da 95 urteko Isabel. Egun, haien arrastorik ez dago, baina Manueleneko lur-zoruan etxebizitza berriak egin zituzten orain 11 bat urte. Isabelek, sortutako lur-zati haren gainean bizitzea erabaki zuen. Istorio horiek eta beste batzuk kontatuko dizkigu Isabelek, Zuhaitzekin, kale erdi-erdian tango bat dantzatu ostean.

Bukatzeko, Mila eta Arantxa ahizpa bikiekin egingo du topo Zuhaitzek. Biek bereizten nahikoa lan edukiko du. Euren arteko «konexioari» buruz mintzatuko dira.

'Herri Txiki, Infernu Handi' Lazkaon izango da, urtarrilaren 6an, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos