'Katebegia'-ren saio berezia

Irati Sarasuak gidatutako saioan Egin-en itxiera ekarriko dute gogora, 20. urteurrenean

20 urtez itxita egon ostean, Egin egunkari eta irratiak Hernanin zuten egoitzara sartuko da Irati Sarasua astearteko 'Katebegia' saio berezian. Bere alboan izango ditu Jabier Salutregi, itxiera unean zuzendaria zena, eta bertan lan egiten zuten bi kazetari.

Teresa Todak eta Jabier Salutregik sei urte eta erdi, eta zazpi urte eta erdi, pasatu zituzten espetxean, hurrenez hurren. Itxieran sentitu zuten hutsuneaz hitz egingo dute, eta gertakariak barnean utzi dienaz.

Salutregi izan zen egunkariaren azken zuzendaria, eta Mariano Ferrer lehenengoa, 1977an. Berak Egin-en hasiera azalduko du, nolako egunkaria egin nahi zuten, eta hori egitean zein ilusio eta zailtasun izan zituzten ere bai. Mirentxu Purroy eta Xabier Oleaga zuzendari ohiekin ere izango da Irati Sarasua eta euren oroitzapenak ekarriko dituzte gogora. Purroyk azalduko du nola bere bizitza jokoan kontzienteki jarri zuen Egin-eko zuzendari izan zen garaian. Eta Oleagak, Egin-en zuzendari ohi eta Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendariorde ohiak adierazpen askatasunaren mugez jardungo du.

Amaia Ereñagak eta Olatz Sotok Egin egunkariko kazetari lanetan ziharduten itxi zuten unean. Biak sartu dira, lehenengoz, gazteagoak zirenean hainbeste ordu pasatu zituzten pareten artera.

2013an Clemente Bernad argazkilaria Egin-eko eraikinean egon zen, argazkiak ateratzen. Bere esanetan, 'forentse' baten lana egin zuen eta guztiari atera zizkion argazkiak. Hainbeste sentsazio eragin zizkionez bi egunez egon zen bertan, eta lehenengo egunean argazki bakar bat ere ez zuela atera aitortuko du. Bere argazkiak aztertuko ditu saioak, eta haietan topatutako pertsona batzuengana ere joko du Irati Sarasuak. Zehazki Jose Ramon Beloki, Miguel Castells eta Igor Gonzalez de Galdeanorengana.

Auzitegi Gorenak esan zuen egunkari eta irrati haiek ez zirela inoiz itxi behar izan, eta legeari erreparatu dio saioak Euskal Herriko Unibertsitateko kriminologo Ana Perezekin.

'Katebegia' saioa, astearte honetan, 22:30ean, ETB1en.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos