'Karabana' saioa Zornotzan izango da

Jai giroan arituko dira Zigor eta Itxaso bertako hainbat gonbidaturekin kozinatzen eta solasean

Ostegunean, 'Karabana' saioa Zornotzan izango da. Jai giroan arituko dira kozinan eta solasean Zigor eta Itxaso hainbat gonbidaturekin. Hasteko, Maddi eta Lexuri eta Sara eta Miren bikoteak jaki gozoak prestatzen jarriko dituzte.

Halaber, Julen Baz sukaldaria, Miren Larrea ipuin kontalaria, Jon Barrenetxea ekoizle eta txalapartaria, Ayarza gozotegiko Mikel, Gorka eta Jon, eta muturreko kirola egiten duten Jon Apeztegia eta Pello Amantegi elkarrizketatuko dituzte.

'Karabana' 21:15ean dago ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en. Gero, 22:15ean, 'Chiloé, Lasterka Munduan' saioa izango da ikusgai. Frantziako Okzitania eskualdean kokatuta dagoen Montpellier hiria bisitatuko du ostegun honetan Zigor Iturrietak.

Bertako historia, erdigunea, kale zaharrak eta abar bisitatuko ditu. Kostaldera joko du ondoren, Palavas les Flots zona turistikoa ezagutzera. Barrualdean, Saint-Martin-de-Londres herri txikia deskubrituko du eta inguruko ardo upategi bat. Montpellier hiriko maratoian parte hartuz amaituko du aste honetako egonaldia Iturrietak.