Joseba Arguiñano Nafarroako Donamaria herrian izango da, 'Sukaldaria' saioan

Bertako biztanleen errezetak eta bizimodua ezagutuko ditu sukaldariak

Ostegun honetako 'Sukaldaria' saioan, Joseba Arguiñano Donamarian izango da, Nafarroako herri txiki honetako biztanle eta txoko desberdinak ezagutzen.

Donamariako bentan egingo du geldialdietako bat, eta Lorea, Haizea eta Imanol ezagutuko ditu bertan. Duela 30 urte inguru hartu eta goitik behera berritu zuen Imanolek herriko benta zaharra, jatetxe bihurtzeko. Berriki jubilatu da eta orain bere alabek daramate negozioa. Loreak eta Haizeak beraien menuko plater bat egingo dute: piper gorriak odoloste eta gorringoarekin.

Pello Iriarte historialariarekin ere elkartuko da, Donamariako Dorretxe aurrean. Leku enblematiko honi buruzko informazioa emango dio Pellok Josebari, bertan bizi ziren biztanleez eta beraien elikaduraz arituta. Orduko ohiko edaria ezagutuko du: pitxarra. Ordainean, Josebak bere errezeta bat egingo dio: menestra barazkiekin.

Herriko kaleetan zehar dabilela, Cleoferekin topatuko da, herriko aguazilarekin, hain zuzen ere. Honek bere errutina erakutsiko dio, eta bere etxera gonbidatuko du gosaltzera. Bertan ezagutuko du Cleoferen ama, Asuncion. Josebak ganbara eta baratzeko lanak ezagutuko ditu Asuncionekin, eta 'Baztan Zopa' goxoa egingo dute elkarrekin.

Azkenik, Maite Urrozekin egingo du topo Josebak. Maite buru-belarri dabil kiwi eta sagarrondoen negozioan, senarrarekin eta lehengusuarekin batera. Horretaz gain, gozogilea ere bada, eta berak asmatu dituen pasteltxoak egiten erakutsiko dizkio Josebari: 'Mendauko harriak', sekretuz jositako gozoa.

'Sukaldaria' ostegun honetan izango da ikusgai, 22:45ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

Temas

Euskera