Jokoaren eta apustuen inguruko publizitatea debekatzea onartu du EiTBk

Euskal pilotako partidetan jasotako publizitate estatikoaren kasuan, EiTBk entitate eskudunekin negoziatu beharko du,publizitae estatikoa murriztu edo ezabatzeko/Jordi Alemany
Euskal pilotako partidetan jasotako publizitate estatikoaren kasuan, EiTBk entitate eskudunekin negoziatu beharko du,publizitae estatikoa murriztu edo ezabatzeko / Jordi Alemany

Administrazio Kontseiluak erabaki duenez, EiTBk ez du onartuko bere hedabideetan, irratian, telebistan eta Interneten jokoarekin erlazionatutako inolako publizitate edo promozio ekintzarik, ezta marka edo ekitaldien publizitate korporatiboa ere

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Euskal Irrati Telebistako (EiTB) Administrazio Kontseiluak ontzat eman zuen joan den astearteko bileran zenbait joko jardun sustatzea helburu duten publizitate emisioen arauak aldatzeko zuzendaritzak aurkeztu duen proposamena, eta horrela, jokoaren eta apustuen inguruko publizitatea debekatuko du.

«EiTBren aburuz, 2012ko uztailaren 17ko Administrazio Kontseiluak araututakoa egokitzea beharrezkoa da. Helburua da jokoak eta apustuek sor ditzaketen adikzio arazo larrietatik pertsona ahulenak babestea. Hartara, eta salbuespen jakin batzuekin, jokoarekin zerikusia duten publizitate eta promozio jardunak eta emisioak debekatu nahi ditugu», azaldu du Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak.

Aurrerantzean, beraz, EiTBk ez du onartuko bere hedabideetan, irratian, telebistan eta Interneten jokoarekin erlazionatutako inolako publizitate edo promozio ekintzarik, ezta marka edo ekitaldien publizitate korporatiboa ere, baldin eta hura gauzatzen duten enpresen jarduera nagusia jokoa baldin bada.

Haatik, debeku horretatik salbuetsiko dira bi kasu: batetik, Estatuko Administrazioaren eta ONCE erakundearen eskumenekoak diren loteria eta apustuak eta, bestetik, publizitate estatiko eta promozio guztiak, baldin eta eskubideak eskuratzeko zein hedatze seinalea ekoizteko ezinbestekoak badira. Halaber, ETBk emititutako euskal pilotako partidetan jasotako publizitate estatikoaren kasuan, EiTBk entitate eskudunekin negoziatu beharko du, jokoarekin zerikusia duen publizitae estatikoa murriztu edo ezabatzeko helburuarekin.

Araudiaren aldaketa ostegun honetatik aplikatuko da. Edonola ere, aldaketa indarrean sartu baino lehen formalizatutako eta oraindik indarrean dirauten komertzializazio akordioak ez kaltetzeko, akordio horiei eutsiko zaie, gehienez ere abenduaren 31ra arte.

Hauteskundeen jarraipena

Bestalde, EiTBko Administrazio Kontseiluak maiatzaren 26ko udal, foru eta Europako hauteskundeei begira EiTBko zuzendaritzak aurkeztu duen jarraipen asmoa ere onartu du. Hortaz, ETB1 eta ETB2 eta Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Radio Vitoria buru-belarri ariko dira kanpaina osoan eta hauteskunde egunean.

Eguneroko informazioa albistegietako tarte berezietan sartuko da, eta, horrez gain, elkarrizketak eta hainbat eztabaida (horietako batzuk deskonexioan) eta doako iragarkiak izango dira. Hauteskunde gauean, berriz, saio bereziak, inkestak, bozen kalkuluak eta behin betiko emaitzak emango dira.

Temas

Euskera