Iruñerriko Uharte Zentroan izango da 'EiTB Kultura' aste honetan

Oier Guillanen kultur gomendioek eta Mikel Lertxundiren eta Lara Izagirreren erreportaje banak osatuko dute saioa

Uharte Zentroa ezagutzeko parada izango dugu aste honetako 'EiTB Kultura' saioan. Iruñerrian dago kokatua eta duela hiru urtetik sormenerako espazioa da. Diziplina ezberdinetan ari diren artistekin izan dira bertan, baita zentroaren ereduaz hitz egin duten zuzendariekin ere. 

Ostegun honetako bigarren erreportajean, Mikel Lertxundi eskultoreak Bilboko Rekalde Aretoan duen erakusketan zehar gidatuko gaitu. 

Horrez gain, Lara Izagirre zinemagilearekin hitz egingo dute Nora bere azken pelikularen grabaketan. Oier Guillan idazle eta antzerkigilearen kultur gomendioekin osatuko da aste honetako programa. Metrokoadroka sormen lantegiaren egoitzan izan dira berarekin, Oiartzunen. 

'EiTB Kultura' ostegun gauean dago ikusgai ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en. Halaber, erreportajeak banan bana ikusi daitezke asteazkenean hasi eta hurrengo asteartera bitartean, iluntzeko 'Gaur Egun' albistegiaren ostean.