Iñigo Aranbarri idazleari elkarrizketa, larunbatean, 'Arte[faktua]'n

'Munduko tokirik ederrena' bere azkeneko lanaz arituko da Yolanda Mendiolarekin

Iñigo Aranbarri idazlea aste honetako gonbidatu nagusia izango da 'Arte[faktua]' literatur saioan. Bere jaioterria den Azkoitia herrian elkartuko da Yolanda Mendiola aurkezlearekin Munduko tokirik ederrena (Susa) azken lanaz hitz egiteko. Aranbarrik aspaldian buruan egosten edukitako 10 istorio bildu ditu liburuan. Kontakizun guztiak Urola bailaran kokatu ditu eta bere belaunaldikoen bizipenetan oinarrituta daude.

Filologian lizentziaduna da Aranbarri, euskara irakaslea eta hainbat poema liburu, nobela eta saiakera idatzi ditu. Berria egunkarirako idatzitako artikuluekin Hizlandia liburua kaleratu zuen Susarekin. 2008an Zilarrezko Euskadi Saria jaso zuen.

Bere gonbidatua Xabier Gantzarain idazlea eta arte kritikoa da. Berriki, euskal arte garaikidearen historia hurbilaz diharduen Zuloa izeneko liburua idatzi du. Egun, Azpeitiko Dinamoa sormen gunea izango denaren kudeaketa lanetan dabil.

Irakurlearen tartean, Azkoitiko Ixabel Jauregik Joxean Agirreren Ispiluak eta itsasoak liburuaren aipamena egingo du.

Galdetegian, Rikardo Arregi, Idurre Eskisabel eta Ekaitz Goienetxea idazleek euren liburu kuttunen berri emango dute. Aste honetako Apalategia ataleko protagonista Jon Aizpurua da, Euskadi Irratiko 'Kultur Leihoa' saioko arduraduna.

Aste honetako Booktoube-aren egileak, Galdakaoko Elexalde Institutuko Paule, Ariadne eta Kari dira. Gomendatuko duten liburua, Fernando Morilloren Zauri ezkutuak da.

Horrez guztiaz gain, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Baionako Elkar, Garoa, Karrikiri eta Hitz liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

'Arte[faktua]' larunbat honetan izango da ikusgai 15:00etan ETB1en eta eitb.eus-en.

Temas

Euskera