'Indonesia, Pazifikoan barerik ez' atala, 'Ur Handitan Atzerrian' saioan

Urriaren 9ko argazkian, iraileko tsunamiaren ondorioan bista-bistan./ADEK BERRY / AFP
Urriaren 9ko argazkian, iraileko tsunamiaren ondorioan bista-bistan. / ADEK BERRY / AFP

Xabier Madariaga kazetariak Indonesian gertatuko hondamendi naturalak hizpide hartuko ditu bertan bizi diren euskaldunekin hitz egiteko

Pazifikoa da hondamendi natural gehien zenbatu diren munduko zonaldea. Ez da kasualitatea, suzko eraztunaren gainean kokatuta baitago. Munduko sumendien ehuneko 90 bertan daude, 400 baino gehiago. Indonesia da azkeneko hondamendi natural larrienak gertatu diren herrialdea. Irailaren 28ko lurrikarak eta haren ondorengo tsumaniak ia 2000 hildako eragin dituzte Célebes irlan. Abuztuaren 5ean Lombok uharteak egin zuen ikara. Lurrikara hark 500 hildakotik gora eta 1.000 zauritu baino gehiago eragin zituen.

Indonesian, 2.000 urtetik hona, urtero lurrikarek eragindako hildakoak zenbatu dituzte. Indonesian dago Bali ere, moda modako opor-lekua, turisten paradisua, Europako bidaia agentziek saltzen diguten harribitxia. Milaka dira urtero urtero paradisu horren bila bertara joaten diren euskal turistak ere.

Alain Arretxea donostiarrak hamasei urte daramatza Balin. Surfaren aitzakian ezagutu zuen Indonesiako uhartea eta bertan bizitza berri bat hastea erabaki zuen. Esnatu, yoga egin eta itsasoan olatu batzuk hartzen ditu Moon Rocks izeneko bere dendak zabaldu aurretik. Hainbat lurrikara sentitu ditu baina Lombokekoa besteko gogorrik ez duela ezagutu onartu dio Xabier Madariagari. «Balin naturaren indarraren beste sentsazio bat hartzen da».

Egoi Benitez Ordizian bizi zen, Indonesiara urpekaritza egitera joan zen arte. Indonesiako koralak ezagutu eta bizitzeko beste modu baten bila itzuli zen. Azaroan Agung sumendia pizten ikusi zuen eta abuztuan Lombokeko lurrikarak bere etxea astindu zuen. Hala ere, paradisuan bizi dela ez du zalantza egiten.

Balin Al Kaedaren atentatua bizi izan zuen Antxon Arteagak. Eta kapitulu ilun hartatik ihesi, lasaitasun bila Gili Airera joan zen. Gili Air, bost kilometroko diametroa duen irla, paradisuarekin alderatzen du Itziar Rocak ere. Oporretan joan eta irlarekin maitemindu zen, bertan hasi du bizimodu berri bat. Abuztuan Lombokeko lurrikara eta tsunami arriskuarekin, infernua paradisutik segundo gutxira dagoela sentitu zuen. Heriotza bertatik bertara ikusi zuela kontatu dio Itziar Rocak Xabier Madariagari. Antxon Arteagari gogorragoa egin zaio lurrikararen ikarari aurre egitea, atentatua gainditzea baino, lurrikara hamabi orduz luzatu baitzen.

'Ur Handitan'eko lan taldeak Lombok ere bisitatu du, lurrikarak eragindako hondakinen artean bizi diren bizilagunak elkarrizketatzeko. Ikusitakoak ikusita, paradisuaren eta infernuaren arteko distantzia neurtzeko ahalegina egin du lan taldeak.

Euskal jatorriko lau protagonista horiez gain, Indonesiako hainbat herritarrekin hitz egin du Xabier Madariagak.

Urriaren 9an, asteartean, ikusi ahal izango da 'Ur Handitan0 saioa 22:30etik aurrera, ETB1en.

Temas

Euskera