Iñake Irastorzari elkarrizketa, egingo diote 'Gure Kasa'n

Antzerkian, zineman eta telebistan izandako ibilbide luzea errepasatuko du aktoreak

Euskal Herriko aktorerik ezagunenetako bat izango da astelehen honetako 'Gure Kasa'n: Iñake Irastorza. Antzerkian, zineman eta telebistan ibilbide luzea du Irastorzak, eta Telleria anaiekin guztiaren errepasoa egingo du. Momenturik xelebreenak oroituko dituzte, eta gogoratzen ez dituen momentu dibertigarri batzuk ere aterako dizkiote, besteak beste, 1993an ETB1eko 'Flamingo Berria' saioan egin zuena.

Iban Garcia, bere aldetik, Herri Urrats jaira joan zen bere kamera hartuta, Senperen izandako festa-giroaren berri emateko. Horrez gain, asteartean beteko dira 118 urte Orioko balea famatua arrantzatu zutela. Hori aitzakiatzat hartuta, Isma Pereirak Orioko balearen bertso famatuak abesten jarriko ditu Iñake eta Telleria anaiak, uztaiekin punteria probatzen duten bitartean.

Nahiara Gagok artxiboa astinduko du, eta gonbidatuaren sekretuak agertuko ditu, inork espero ez dituenak. Nola erreakzionatuko du Irastorzak? Maddalen Arzallus Iñakeren herrian izan da, Orion. Herria ezagutzeaz gain, bertako hitzik bitxienak ekarriko ditu bere erreportajean.

Egunero bezala, 'galdera marroia' egingo diote gonbidatuari. Izerdi hotza botako ote du Iñakek galdera hori erantzuteko? 'Gure Kasa' astelehen honetan izango da ikusgai 21:30ean ETB1en eta eitb.eus-en.