Iker Vicente aizkolaria eta Xabi Solano musikaria 'Donostiako Aste Nagusia 2019'n

Osteguneko suak Alemaniako IP Innovative su-etxeak eskainiko ditu

Ostegun honetan, Iker Vicente aizkolaria eta Xabier Solano Esne Beltza taldeko abeslaria izango dituzte 'Donostiako Aste Nagusia 2019' saioan gonbidatu. Horrez gain, Iñigo Agirre kazetaria Donostiako hipodromora hurbilduko da 51. Urrezko Kopako zaldi-lasterketak hankaz gora jartzeko. Osteguneko suak Alemaniako IP Innovative su-etxeak eskainiko ditu.

'Donostiako Aste Nagusia 2019' ostegun honetan izango da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en. Ostegun honetan, halaber, Burgosko Itzuliaren hirugarren etapa eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek, zuzenean, 15:00etan. 150 kilometroko ibilbidean, hirugarren mailako lau mendate igo beharko dituzte txirrindulariek (Alto de la Mota, Escalerón, Ailanes eta Retuerta), Picon Blanco maila bereziko mendatea igo aurretik.

17:00etan, Azkoitiko pilotalekuarekin bat egingo dute ETBko kamerek zuzenean. Irribarria-Rezusta eta Olaizola II-Albisu bikoteek Zarauzko Torneoko finalaurrekoa jokatuko dute, eta, gainera, beste bi partida izango dira ikusgai: Agirre-Larunbe / Egiguren V-Tolosa eta Dario-Ruiz eta Arteaga II/ Etchegoien.

Xabier Euzkitzek eta Joxean Tolosa esatariek emango dute partiden berri, zuzenean.