Historiako emakume bertsolarien pausoei jarraika

Oihana Iguaran eta Alaia Martinek emango dute orduko bertsolari haien berri, eta bertsoaldiak ere ez dira faltako saioan/
Oihana Iguaran eta Alaia Martinek emango dute orduko bertsolari haien berri, eta bertsoaldiak ere ez dira faltako saioan

'Hitzetik Hortzera' saioan, besteak beste, gaurko begiradatik, orduko Lore Jokoak zer ziren ulertzen ahaleginduko dira: XIX. mendean antolatu ziren lehenengo aldiz Lapurdin, eta pixkanaka hedatuz joan ziren bertsolarien arteko sariketak. Horietako bost emakumeek irabazi zituzten

Historiaren kontakizuna mugatua izan ohi da, baita bertsolaritzaren kasuan ere. Gizonekin alderatuta askoz gutxiago dira gaurdaino iritsi diren emakume bertsolarien izenak, bertsoak, argazkiak zein kontakizunak. Hala ere, horrek ez du esan nahi ez zirenik izan.

Aztertzen hasiz gero, konturatuko gara historiako emakume bertsolariek uste baino leku gehiagotan kantatu zutela. 'Hitzetik Hortzera' saioaren igandeko programan horietako batzuren bertsoak ezagutzeko aukera izango da, egungo bertsolarien ahotik.

Historiako emakume bertsolarien pausoei jarraituko diete, eta leku publiko askotan kantatu zutela erakusiko dute, baita txapelketak irabazi ere. Alaia Martinek eta Oihana Iguaranek emango dute orduko bertsolari haien berri, eta bertsoaldiak ere ez dira faltako saioan.

Bost aldiz txapeldun

XIX. mendean antolatu ziren lehenengo aldiz Euskal Lore Jokoak Lapurdin, eta pixkanaka hedatuz joan ziren Ipar Euskal Herriko gainerako probintzietara, baita hegoaldekoetara ere.

Lore Jokoetan bertsolarien arteko sariketak egiten ziren, eta horietako bost emakumeek irabazi zituzten. Gaurko begiradatik orduko Lore Jokoak zer ziren ulertzen ahaleginduko dira. Emakume haien orduko bertsorik jasota ote dago?

XIX. mendeko lau bertsolariren kontakizunak ere ekarriko dituzte: Joxepa Antoni Aranberri 'Xenpelar', Joxepa Iñazi Elizegi, Mikaela Elizegi eta Plazida Otaño bertsolarienak, hain zuzen. Historiako pasarteek gurera ekartzeko lanean kontu-kantari arituko dira Alaia Martin eta Oihana Iguaran.

Bertsoaldirik ez da faltako eta kantuan entzun ahalko dira Alaia Martin, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran, Irunen, Pasaian eta Senperen izandako bertso saioetan.

Igandean, 15:00etan, Euskal Telebistako lehen katean izango da ikusgai saioa, eta EITB Nahieran ere, gero.

Temas

Euskera