Hertzainak taldeak BEC!en emango duen kontzertua, zuzenean
Taldearen agur birako lehen kontzertua eskainiko du EITBk 22:00etatik aurrera, aurrenekoz erabiliko diren 360 graduko grabaketarako lau kamerarekin
Osteguna, 15 abendua 2022, 12:59
Hertzainak taldearen agur birako lehen kontzertua zuzenean eskainiko du EITBk ostiral honetan. 'Azkena gure alde izenburupean', Josu Zabalak, Iñaki Igon Garitaonandia Garik eta Luis Javier Sainz Txanpik Barakaldoko BEC!en egingo duten emanaldia ETB2n eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango da 22:00etatik aurrera.
80ko hamarkada hasieran sortutako talde mitikoak betiko utzi dizkigun 'Ta zer ez da berdin', 'Pakean utzi arte', 'Aitormena', '564', 'Arraultz bat pinu batean', 'Drogak AEKn', 'Hil ezazu aita' eta 'Rock & roll batzokian' bezalako kantekin gau berezi eta magikoa bizitzeko aukera izango dugu EITBri esker. Horretarako, profesional talde zabala arituko da lanean kontzertuaren neurrira egokitutako operatibo batean.
2019an, 35 urte bete ziren taldearen lehen diskoak argia ikusi zuenetik. Hori ospatzeko, Josu Zabalak eta Garik Inun baino alaiagoa izanen da izeneko emanaldi bereziak eskaini zituzten Kafe Antzokian eta Euskalduna Jauregian. Orduko magia berpiztea nahiko lukete publikoa behin betiko agurtzeko egingo duten bira honetan. Taula gainean, soka laukotea eta metal talde baten babesa izango dute.
Errealizazio, produkzio, teknikari eta argiztatze arloko 30 profesional arituko dira lanean BEC!en. Ikuskizunaren emanaldia egiteko, 13 kamera erabiliko dira, tartean, 'Burubero' izenekoa eta travellingean doazen kamera bereziak.
Bestalde, eta lehen aldiz, 360 graduko grabaketarako lau kamera berezi jarriko dituzte oholtzan eta inguruetan. Kontzertuaren biharamunean, era berezi horretan grabatutako hainbat kantu eskainiko dira EITBren YouTubeko kanalean. Era horretan, kontzertuaren esperientzian murgiltzeko aukera eskainiko zaie bertan egon zirenei eta egoterik izan ez zutenei. Lantalde berezi bat arduratuko da prestaketaz, grabazioaz eta formatu berritzaile horrek eskatzen duen post-produkzioaz.