Herri kirolak, mendia, pilota eta txirrindularitza, igandean

Banakako Urrezko Aizkolariak, Euskal Herriko Mendi Erronka, Tolosako pilota jaialdia, Italiako Giroa eta Emakumeen Bira izango ditugu ikusgai

Herri kirolek, mendiak, pilotak eta txirrindularitzak osatuko dute igandeko kirol eskaintza ETB1en eta eitb.eus-en. Hasteko, 11:00etan, bezperan Bilbon jokatutako Banakako Urrezko Aizkolarien Txapelketako azken finalerdiaren berri emango dute Ibon Gaztañazpik eta Joxe Etxebestek.

12:00etan, hilaren 18an Leitzan jokatutako Euskal Herriko Mendi Erronkari egingo diote tartea. Anartz Agirre arduratuko da kontakizunaz. 12:55ean, aldiz, aurtengo Emakumeen Biraren laburpena eskainiko da.

Italiako Giroaren zuzeneko emankizuna 13:30ean hasiko da (14:00-15:00 bitartean ETB4n). 15. etapan Lombardiako Giroko ibilbidea egingo dute txirrindulariek, 247 kilometrorekin eta lau mendi gainekin. Fermin Aramendi eta Alfontso Arroio izango dira esatariak.

17:20ean pilotaren txanda izango da. Tolosako Beotibarreko jaialdiaz gozatu ahal izango da zuzenean, Xabier Euzkitze, Joxean Tolosa eta Elena Azpeitiaren eskutik. Bi partida jokatuko dira: Mendizabal III - Garmendia vs Alberdi - Salaverri eta Altuna III - Martija / Olaizola II - Mariezkurrena.