Haurren minbizia izango da aurtengo EiTB Maratoiaren ardatza

Haur-Minbiziaren Nazioarteko Egunean, gaitzaren sentsibilizazio kanpainarekin bat egingo du EiTB taldeak eta aurtengo elkartasun maratoiak ere haur-minbizia hartuko du ardatz

Ostiral honetan, otsailaren 15ean, Haur-Minbiziaren Nazioarteko Eguna ospatu da. Euskal gizartea gaitz honen inguruan sentsibilizatu, eta diagnostiko eta tratamendu egokia lortzeko ikerketa bultzatu asmoz, EiTB taldearen aurtengo elkartasun maratoiak haur-minbizia hartuko duela ardatz jakinarazi du.

EiTBko hedabideek (telebista, irratia eta Internet) haur-minbiziaren inguruan informazioa zabalduko dute urte osoan. Gero, abenduaren 12an, izango da EiTB Maratoiaren elkartasun egun handia. Informazio-zerbitzuek eta programa ezberdinek erreportajeak eskainiko dituzte gaixoen, senitartekoen, medikuen eta profesionalen lekukoak bilduz eta ekimen bereziak izango dira gaiaren inguruan.

Ikerketarako dirua biltzea izango da kanpainaren xedea. Euskal gizartearen eskuzabaltasuna eta konpromisoa funtsezkoak izango dira martxan dauden ikerketak bultzatzeko.

Urtero legez, BIOEFek (Berrikuntza + Ikerkuntza + Osasuna Eusko Fundazioak) kudeatuko du EiTB Maratoian bildutako dirua.

Temas

Euskera