Haur programazio berezia, Gabonetan, ETB3n

'3txulo' saioko pertsonaia nagusiak./ETB
'3txulo' saioko pertsonaia nagusiak. / ETB

Eguberritako opor garaian ikuskizun bereziak, zirku emanaldiak eta animazio filmak izango dira ikusgai Euskal Telebistako hirugarren kanalean

Larunbat honetatik aurrera, Gabonetako programazio berezia eskainiko du ETB3k etxeko txikienei zuzenduta. Ikuskizun bereziak, zirku emanaldiak, animazio filmak, 'Go!azen' telesaila, marrazki bizidunak eta '3txulo' eta '3zpa4' saioen atal berriak izango dira ikusgai, besteak beste, Eguberritako oporraldian zehar.

Gontzal Mendibilen 'Gau majikoa' ikuskizuna abenduaren 16an Biboko Arriaga Antzokian grabatutako ikuskizuna da, eta zuzeneko antzerkia, musika eta kantuak eskainiko ditu oholtza gainean. Eskolatik alde egingo duten protagonistek sekulako abenturak biziko dituzte. Ikuskizuna igandean, abenduaren 23an, 20:00etan emitituko da eta ikus-entzuleek berriz ere ikusteko aukera izango dute abenduaren 25an, 16:00etan ETB1en.

Bestalde, 3txulok Bilboko Euskalduna jauregian eskainiko duen 'Berriro Gabonak' ikuskizun berezia ere izango da ETB3n ikusgai, datorren igandean, abenduaren 30ean, 20:00etan. Xbel, 2ttor, 4ra eta izeba Kattalin gure lagunek sorpresaz betetako ikuskizuna ekarriko dute, eta '3txulo' saioko kantak abestuko dituzte.

Horrez gain, Navarra Arenan abenduaren 29an grabatuko den 'Ene Kantak Jai Erraldoia' festa handia eskainiko du ETB3k urtarrilaren 5ean, 20:00etan. Ene Kantak, besteak beste, Nafarroako erraldoi eta kilikien zazpi konpartsetako 32 erraldoiez lagunduta arituko da. Emanaldia urtarrilaren 6an errepikatuko da, 14:30ean, ETB3n.

Amaitzeko, Bilboko Olentzeroren etorrera eskainiko du ETB3k abenduaren 24ean, 14:30ean. Aurreko egunean, abenduaren 23an, ETB1ek eskainiko du emanaldia.

Animazio filmak eta zirkua

Egunero, animazio film ezberdin bat eskainiko du ETB3k, 15:30ean. Horien artean, 'Casperren Gabonak', 'Babe txerritxo ausarta', 'Ga'Hoole: zaintzaileen kondaira', 'Paddington', 'Desperauxen kondaira', 'Igelen erresuma', 'Albert', 'Rocky eta Bullwinkleren abenturak', 'Babe txerritxoa hirian', 'Asterix jainkoen egoitza', 'Shrek', 'Hiru hartzen ipuina', 'Doraemon eta mundu galdua', 'Ahatetxo itsusiaren abendura harrigarriak', 'Elurretako erregina' eta 'Doraemon stand by me' filmak izango dira ikusgai.

Bestalde hainbat zirku emanaldi eskainiko ditu ETB3k, 22:00etan. Legend Circus-en Legend of Mulan ikuskizuna izango da ikusgai abenduaren 24ean eta Cirque du Soleil-en Amaluna ikuskizuna asteartean, abenduaren 25ean.

Larunbatean, abenduak 29, Cirkafrika ikuskizuna eta igandean, abenduak 30, Cirque du Soleil-en Koooza ikuskizuna ere eskainiko ditu ETB3k.

'Go!azen' telesail arrakastatsuaren denboraldi honetako atalak ikusteko aukera izango dugu Gabonetan ETB3n, larunbatero, 21:00etan. Gainera, '3txulo' (09:30ean) eta '3zpa4' (20:30ean) saioen atal berriak emango dira. Halaber, marrazki bizidunen eskaintza zabala izango da: besteak beste, 'Zaldi Askea', 'Bagel eta Becky', 'Rocket Monkeys' eta 'Zuhaitz Etxeko Istorioak'.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos