Borrar

'Ur Handitan' saioak Kataluniatik ekingo dio denboraldi berriari

Bertako gizarteak 'proces' famatuaren epaia nola jaso duen aztertuko du Xabier Madariagak eta bere lan-taldeak 'Sententziaren itzalean' erreportajean

Martes, 15 de octubre 2019, 10:47

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Udako etenaldiaren ostean, ETB1eko 'Ur Handitan' saioa bueltan da, eta estreinaldirako gaurkotasun handiko atala prestatu du Xabier Madariagak gidatutako lan taldeak. Kataluniara joan dira, bertako gizarteak proces famatuaren epaia nola jaso duen bertatik bertara ezagutzera. Kaleko herritarrei ahotsa emango die saioak, gaurkotasunari buruz galdetuz, baina ohiko sakontasuna alde batera utzi gabe.

Errepublikaren defentsa batzordeetako kideak, epaiaren kontrako mobilizazioetan parte hartu duten euskaldunak, Kataluniako prozesuaz aspertuta dauden herritarrak... Denetarik aurkitu du Madariagak, eta iritzi bilduma hori guztia eskainiko digu Sententziaren itzalean izeneko erreportajean, asteartean, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.

Hortik aurrerako saioetan ere ez da berritasunik faltako aurtengo 'Ur Handitan'en. Orain arte bezala, pertsonak izango dira saioaren oinarria, baina pertsonak ezagutzeaz gain, haien inguruneak edo atmosferak garrantzia berezia izango du. Protagonistekin zenbait egun pasatuko ditu Xabier Madariagak, eta horrela elkarrizketatuen egunerokotasuna hobetu ezagutu ahal izango dute ikus-entzuleek.

Esate baterako, denboraldiko bigarren saioan Aralarrera joango da Madariaga, bertan bizi diren azken artzainen bizimodua ezagutzera. Aiora Goikoetxea, 19 urterekin borda batean bizi den emakumezko artzaina, izango da atal horretako protagonista. Lekeitioko zaharren-egoitzan ere egun batzuk pasatuko ditu 'Ur Handitan'eko aurkezleak. Egoitza horretan bizi diren aiton-amonek zahartzaroa nola bizi duten kontatuko diote.

Adimen-urritasuna duten 14 pertsonek konpartitutako pisu bat eta klausurako mojak bizi diren komentu bat ere bisitatuko ditu Xabier Madariagak, besteak beste.

Aurtengoa denboraldi berezia izango da 'Ur Handitan' saioarentzat, 100 atal beteko dituzte azaroan, eta data horretarako saio berezia prestatzen ari dira. 'Ur Handitan' saioa astearte gauetan izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en 22:00etan.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios