Gorka Urbizu eta Joseba Beloki, 'Autentikoak' saioan gonbidatu

Bi gonbidatuek beraien ibilbidea errepasatuko dute Mikel Pagadi eta Fermin Etxegoienekin

Ostegun honetan, Gorka Urbizu Berri Txarrak taldeko abeslaria eta Joseba Beloki txirrindulari ohia izango dira 'Autentikoak' saioko gonbidatuak. Azken hilabete hauetan ikusmin handia sortu da Gorka Urbizu eta Berri Txarrak taldearen inguruan, abeslariak taldearen amaiera iragarri zuenetik.

Taldea uzteko arrazoiez gain, agurreko bira nola ari den bizitzen galdetuko diote Mikel Pagadik eta Fermin Etxegoienek Lekunberriko musikariari, eta etorkizuneko erronkei buruz ere arituko dira. Gorka Urbizuk elkarrizketa gutxi eskaintzen ditu komunikabideetan. Beraz, ostegun honetakoa Urbizu ikusteko aukera itzela izango da.

Joseba Beloki txirrindulari ohia izango da saioko bigarren gonbidatua. Hastear dagoen Italiako Giroaz mintzatuko dira bi aurkezleak lazkaotarrarekin, eta etorkizunerako dituen asmoez ere galdegingo diote.

Horrez gain, Ane Lindanek txirrindularitzarekin zerikusia duten hainbat kontu interesgarri nabarmenduko ditu. 'Autentikoak' saioa ostegun honetan izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.