Gasteizen barrena Mikel Urdangarinekin, 'Gure Doinuak' saioan

Saioan zehar abeslariak eta Onintza Enbeitak hainbat gonbidaturekin topo egingo dute, adibidez, Iñaki Ortiz de Villalbarekin edota Ander Gorosperekin

Aste honetan Gasteizen murgilduko da 'Gure Doinuak' saioa, eta Onintza Enbeitak Mikel Urdangarin izango du bidelagun eta kantu-lagun. Abeslariak bere kantuen atzeko bitxikeriak aletuko ditu eta Gasteizko txoko bakoitzak bere ibilbidean izan duen eragina azalduko du. Beste hainbat musikari ezagunekin ere elkartuko da Onintza saioan zehar, esaterako Betagarri taldeko abeslari izandako Iñaki Ortiz de Villalbarekin. Bere bidez, Martxoaren 3ko sarraskiari jarritako doinuez ariko da.

Bestetik, Joselu Anaiak taldearen 'Ay Anselma' abestia idatzi zuen Ander Gorospe elkarrizketatuko du saioak, eta Ruben Sanchez bertsolaria ezagutuko du.

Gainera, Gasteizko doinuei bizirik eusten dieten taldeengana ere iritsiko da Onintza, Araba abesbatzarekin, Big Band proiektuarekin edota Gasteiz Kantuz ekimenarekin.

'Gure Doinuak' saioa asteazkenero izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB1en.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos