Gari eta Gontzal irabazle, 'Baserria'-ren lehen edizioan
Amalurren eta Xabiren aurka aritu ziren finalean, eta azkenean beraiek irabazi zuten 6.000 euroko txekea
Astelehena, 8 martxoa 2021, 08:54
Gari Lauzurika Gordoako (Asparrena) baserritarrak eta Gontzal Viaga kaletar donostiarrak osatzen duten bikotea izan da 'Baserria' saioaren irabazlea. Talde gorriko kideek 6.000 euroko txekea eta baserri atariko eguzki-lore bana eraman dute sari gisa Amalur Arbelaitzen eta Xabi Orbegozoren aurka irabazitako finalean.
Finaleko proban, baserriaren historian zehar bidaiatu zuten finalistek, hainbat proba eginda. Lehenik, idi parea gidatu behar izan zuten, gero trontzan hiru ebaketa egin, hesolak eraman, eta abereak itxituretan sartu. Ordura arte Amalur eta Xabi talde urdineko kideak zihoazen aurretik, baina denbora asko galdu zuten ardiak eta txerriak bereizi eta itxituretan sartzerako orduan, eta hor gainditu zituzten Garik eta Gontzalek.
Abereen proba bukatu ostean, belar meta bat mugitu behar izan zuen bikote bakoitzeko kaletarrak traktorearekin. Ederki moldatu zen Gontzal, eta berak eta Garik astindu zuten joarea, garaipena lortuz. Dena den, Amalurrek eta Xabik ez zuten amorerik ema eta proba bukatu egin zuten.