Borrar
Xabier Madariaga.
Feminizidioak Mexikon, astearteko 'Ur Handitan Atzerrian' saioan

Feminizidioak Mexikon, astearteko 'Ur Handitan Atzerrian' saioan

Hildako eta desagertutako neska gazteen amak, emakumeen eskubideak defendatzen dituzten aktibistak edota emakumeen kontrako erasoak onartu dituzten gizonak elkarrizketatu ditu Xabier Madariagak. Beraxe izango da, hain zuzen, 'Gure kasa'-ko gonbidatua

Martes, 2 de octubre 2018, 11:41

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Urtero ehunka emakume hiltzen dituzte Mexikon. Munduan feminizidio gehien dituen herrialdeetako bat da. Nor eta zer dago, ordea, feminizidioen atzean? Egia al da Mexikon matxismoa ia beste inon baino agerikoagoa dela? Ala Mexikok egun bizi duen segurtasun faltak eta biolentzia giroak azaltzen ditu emakumeen hilketak? Aste honetako 'Ur Handitan Atzerrian' feminizidioaren zero gunean izan da.

Mexikora egindako bidaian hildako eta desagertutako neska gazteen amak, emakumeen eskubideak defendatzeko haien bizitza arriskuan jarri duten aktibistak edota emakumeen kontrako erasoak onartu dituzten gizonak elkarrizketatu ditu Xabier Madariagak. Feminizidioen drama gertutik ezagutzen duten euskaldunak ere azalduko dira saioan.

Maider Zilbeti 41 urteko donostiarra da. Bere ibilbide profesionalak eta pertsonalak feminismoarekin lotura estua izan du, eta esperientzia hori guztia Mexikoko Gobernuaren zerbitzura jarri du azken sei urteotan. Ez du nolanahiko ardura izan. Orain dela gutxira arte Berdintasun Unitateko arduraduna izan da Mexikoko Barne Ministerioan. Mexikon emakumeek bizi duten egoera ondo ezagutzen du. Berdintasuna lortzeko hainbat ekimen martxan jartzen saiatu da azken urteotan, baina egoerak gaindituta Mexikotik itzultzea pentsatzen ari da.

Pakita Andueza orain dela 70 urte jaio zen Lakuntzan, Nafarroako Sakana bailaran. 30 urte baino gehiago daramatza Mexikon bizitzen. Margolaria eta poeta da, eta hainbat mugimendu sozialetan hartu du parte. Emakumeen eskubideen aldeko borrokan buru belarri sartuta dago orain, «feminizidioekin bukatu beharra dagoelako».

Nikola Anakabe lekeitiarra Chihuahua hirian bizi da. Ikus-entzunezko munduan egiten du lan, eta emakume desagertuen kasuak ondo ezagutzen ditu, gai horri buruzko dokumentalak zuzendu baititu. Desagertuen gaia oso larria da Chihuahuan. Mexiko iparraldeko estatu horretan desagertutako jendearen kopurua munduko altuenetakoa da. Askotan desagertuen kasuek lotura zuzena dute feminizidioekin.

Mexikoko feminizidioen saioa astearte honetan izango da ikusgai, ETB1en, 22:30etik aurrera.

Gonbidatu 'Gure kasa' saioan

Xabier Madariaga ETB1eko beste saio batean ere azalduko da astearte honetan. Izan ere, kazetari eta 'Ur Handitan' saioaren aurkezlea elkarrizketatuko dute Julen eta Antton Telleriak 'Gure Kasa' saioan (21:30ean). Herritarroi interesa eta kezka pizten duten gertuko gizarte gai asko jorratu ditu saio Madariagak. Orain, berriz, atzerrian jarri dute begirada eta munduko zortzi herrialde zeharkatu dituzte, bertan bizi dituzten gai eta egoerak ezberdinak landu asmoz.

Esperientzia honen inguruan eta orain arte egindako lanaz mintzatuko da kazetari bilbotarra. Horrez gain, ETBko artxiboan dituen bideo bitxienak ekarriko dizkigu Nerea Aliasek, tartean, telebistan lehen aldiz agertu zenekoa. Nahiara Gagorekin jolasean arituko dira eta Onintza Enbeitak udazkenari buruz hitz egingo digu.

Iban Garcia kalera joan da eta zuzenean challenge ezberdinak egiten aritu da jendearekin. Herritarrek proposatu eta berak egin. Edo ahalegindu behintzat.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios