'Euskaraldia 12.eguna… eta orain zer?' saioa, astelehen gauean, ETB1en

Ariketaren sustatzaile nagusiek balantzea egin zuten eguneko argazkia./USOZ
Ariketaren sustatzaile nagusiek balantzea egin zuten eguneko argazkia. / USOZ

Euskaraldiaren inguruko hainbat hausnarketa eta testigantza jasoko ditu, Kike Amonarriz eta Edurne Azkarateren eskutik

ETB1ek astelehen gauean eskainiko du 'Euskaraldia 12. eguna…. Eta orain zer? saio berezia. Ospakizun saio honek bi galdera nagusiri erantzungo die: Euskaraldiak zein ondorio utzi dituen eta aurrera begira hizkuntza ohitura aldaketek zein jarraipen izango duten.

Kike Amonarrizek datuen interpretazioa egingo du, eta ondoren, atal berezi bat eskainiko zaio erakundeen arteko elkarlan historikoari; Bingen Zupiriak (Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburua), Ana Ollok (Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria), Beñat Arrabitek (Euskararen Erakunde Publikoko presidentea) eta Elena Lakak (Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak) erantzungo dituzte galdera horiek.

Aurreko bi saioetan egin den modura, hirugarren atal honek ere Euskaraldian parte-hartu duten euskaldunen esperientzia hunkigarri eta ederrak biltzen jarraituko du Edurne Azkarate aktoreak. Tartean Xabi Paya eta Fredi Paia bertsolariak euskararekin izandako harreman bitxi eta hunkigarria ezagutzeko aukera izango da.

Aurpegi ezagunez gain, Akhond Ishaq pakistandarraren testigantza ere jasoko da. Goi mailako espedizioetan Alex Txikon ezagutu, haren eskutik Euskal Herrira iritsi eta bertan euskaldundu den gaztea.

Hizkuntza ohiturak aldatu dituztenez gain, Edurne Azkarate Ahobizi zaharrenaren bila hasiko da bere laborategi propioan.

Horiez gain, Euskaraldiaren babesle-sustatzaile izan den CAF enpresara ere joko du Azkaratek. Bertan, Joxe Begiristain, CAF-eko euskara arduradunak Euskaraldiaren ondorioak aipatuko ditu, eta bestalde, hamaika egunez Ahobizi eta Belarriprest rolak bete dituzten bi langile ezagutzeko parada izango du.

Hauek eta kontu gehiago, abenduaren 10ean, ETB1en, gaueko 22:30ean hasita.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos