'Euskaltzaindia: Egunak eta lanak' dokumentala, ETB1en ikusgai

Bernardo Atxagarena da dokumentalaren jatorrizko ideia, eta Fermin Etxegoienek zuzendu du

Euskaltzaindiaren mendeurrena ardatz duen 'Euskaltzaindia: egunak eta lanak' dokumentala eskainiko dute astearte honetan, urriak 8, ETB1en eta eitb.eus-en, 22:00etan. Bernardo Atxagarena da dokumentalaren jatorrizko ideia, eta Etxegoienek zuzendu du. Gidoia, berriz, bien artean idatzi dute. 

Euskararen Akademiak ehun urte hauetan egindako lana biltzen duen dokumentala Beittu ekoiztetxeak egin du Euskaltzaindiaren eta EiTBren eskariz, eta BBK Fundazioaren babesarekin. 

Aurten ehun urte bete dira Euskaltzaindia sortu eta euskara arautzen hasi zenetik. Lehenago ere baziren hiztegiak eta gramatikak euskarari buruz; gaur egun denak dira Euskaltzaindian. 

Bidaia horretan zein diren euskara jasoa izatera eraman dituen gertakizun nagusiak eta nork bultzatuak, horra 'Egunak eta lanak' dokumentalak kontagai duena, estetika retro-futurista baten bitartez, Miren Gaztañaga eta Mikel Ibarguren aktoreek gorpuztua, eta Euskaltzaindiak nola jasotzen duen euskara erakusten du.

Jatorrizko ideia Bernardo Atxaga idazlearena dugu, Fermin Etxegoien aritu da zuzendari, eta irudia Haizea Pastor eta Hodei Zambranoren esku gelditu da, argazki-zuzendari eta muntatzaile lanetan, hurrenez hurren.