Euskal Herriko Itzulia egunero ikusi ahalko da zuzenean

Astelehenean Zumarragan hasi eta larunbatean Eibarren amaituko den lasterketa, arratsaldero izango da ikusgai, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en

Apirilaren 8tik 13ra bitartean jokatuko den Euskal Herriko Itzulia zuzenean ikusi ahal izango da ETB1en eta eitb.eus-en. Astelehenean Zumarragan abiatu eta larunbatean Eibarren amaituko den lasterketaren kontakizuna egingo dute arratsaldero, 15:00etan hasita, Fermin Aramendik eta Xabier Usabiagak. Gainera, errepidean gertatzen denaren berri emango du egunero Alfontso Arroiok.

Aspaldiko partez, erlojupeko batekin hasiko da Itzulia, Zumarragan. 11 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek lehen liderra erabakitzeko eta indartsuenen artean aurreneko aldeak markatzeko. Bigarren etapak, Zumarragatik Gorraizera eramango ditu txirrindulariak. Ibilbidean, asfaltatu gabeko zenbait kilometro egin beharko dituzte.

Hirugarren egunean Sarrigurenen abiatu eta Estibalizera iritsiko dira, azken hiru kilometroan gorantz egingo dutelarik. Aurtengo etaparik luzeenak bi mendate izango ditu: Goñi (2. mailakoa) eta Opakua (3. mailakoa). Laugarren jardunaldia, Gasteiztik Arrigorriagara doana izango da. Ibilbidean lau mendate gainditu beharko dituzte, tartean, lehen mailako Bikoitz Gane.

Azken bi egunetan Eibar izango dute ardatz. Ostiralean, urteroko Arrateko etapa ikusgarria jokatuko da, eta larunbatean, ibilbide laburra baina gogorra osatu beharko dute txirrindulariek. 118 km baino ez, tartean, Azkurdi, Karakate eta Asentzio gainak pasatuz. Sailkapen nagusia irauli nahi dutenentzat ibilbide aproposa.

Partaideen artean, hauexek dira azpimarratzeko modukoak: Julian Alaphilippe, denboraldi hasiera honetan zazpi garaipen lortu dituena; Adam Yates, sasoi onean dagoen txirrindularia; Geraint Thomas, iazko Tourraren irabazlea; Nairo Quintana eta Kwiatkowski atzerritarren artean. Euskaldunei dagokienez, Mikel Landa, Izagirre anaiak, Pello Bilbao, Omar Fraile eta Mikel Nieve nabarmentzen dira, besteak beste.

Temas

Euskera