ETB1ek 'Handia' filma estreinatuko du telebistan igande honetan

Emanaldiaren ondoren, Jon Garañok Jose Mari Goenagarekin 2014an zuzendutako 'Loreak' film arrakastatsua izango da ikusgai

Igande honetan, abenduak 23, Euskal Telebistako lehen kanalak 'Handia' film arrakastatsua estreinatuko du telebistan. Euskaraz egindako historiako pelikularik ikusiena izan da Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako filma: kritika eta publikoaren harrera bikaina izan du eta hainbat sari lortu ditu. Horien artean, Goya sarietan jasotako 13 izendapenetatik hamar sari irabazi zituen eta Donostia Zinemaldian epaimahaiaren saria eta euskal zinemaren saria bereganatu zituen. Eneko Sagardoy (gizonezko aktore errebelazioaren Goya sariaren irabazlea), Joseba Usabiaga, Iñigo Aranburu, Ramon Agirre eta Aia Kruse dira aktore protagonistak.

Lehen Karlistaldian borrokatu ostean, Martin (Joseba Usabaiaga) Gipuzkoako bere familiaren baserrira itzuliko da, eta han, harrituta, bere anaia Joakin (Eneko Sagardoy) ohi baino askoz ere handiagoa dela aurkituko du. Mundu osoak Lurreko gizon handiena ikusteko ordaindu nahi izango duelakoan, bi anaiek bidaia luze bati ekingo diote Europan zehar. Bidean, handinahiak, diruak eta ospeak betirako aldatuko dute familiaren patua. Benetako gertakarietan oinarritutako istorioa da.

ETB1ek 22:00etan eskainiko du 'Handia' filma, eta emanaldiaren ondoren, Jon Garañok Jose Mari Goenagarekin 2014an zuzendutako 'Loreak' film arrakastatsua izango da ikusgai. Hau ere Donostia Zinemaldiko sail ofizialean estreinatu zen eta Goya sarietarako izendapena jaso zuen. Berebat, Oscarretarako aurre-hautagaia izan zen.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos