ETB1ek gaueko programazio indartuarekin hasiko du ikasturte berria

ETB1ek gaueko programazio indartuarekin hasiko du ikasturte berria
EITB

21:00etan 'Gure Kasa', 22:00etan saio nagusia eta 23:15ean Klaudio Landak gidatuko duen 'Egunak Egin Du' programa berria

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

ETB1eko gauak ezberdinak izango dira irailaren 2tik aurrera. Klaudio Landak saio berri baten ateak irekiko dizkigu: 'Egunak Egin Du'. Denboraldi honetan, ahalegin berezia egin nahi izan da gaueko programazioa indartzeko eta honek ordutegiaren berrantolaketa ekarriko du. 'Gure Kasa' 21:00etan emango da eta saio nagusia 22:00etan. Irailaren 2an, hain zuzen ere, 'Gure Kasa'ren 3. denboraldia jarriko da abian eta horrekin batera 'Ahotsak' saio berriaz gozatu ahal izango dugu.

'Egunak Egin Du', eguneroko gaueko proposamen berria

Klaudio Landak gidatutako saioa astelehenetik ostegunera izango da ikusgai 23:15etan. Bertan, lagun koadrila bat bilduko da munduan zer berri dagoen begiratu eta hainbat gaien inguruan umore giroan solasteko. Baina gure erara, modu lasai eta zoroan.

Aurkezleak, kantariak, antzezleak, kazetariak... Guztiak kameren aurrean biluzteko prest etorriko dira, mingainak zorroztuta ekarriko dituzte; etxean bezala, filtrorik gabe, mugarik gabe.

Lehen saioan, kolaboratzaile bezala, Ainhoa Etxebarria, Gari Arroyo, Mikel Elizegi, Nerea Arriola eta Aitzol Atutxa izango dituzte. Eta hurrengo egunetan parte hartuko dutenen artean daude Onintza Enbeita, Ana Goitia eta Anjel Alkain.

'Gure Kasa'ren 3. denboraldia

Telleria anaiek gidatzen duten saioa berrikuntzaz beteta dator. Platoa dotore-dotore jarri dute egunero gonbidatuei harrera egiteko. Lehen aste honetan, Jagoba Arrasate futbol entrenatzailea, Imuntzo eta Beloki trikitilariak, eta Zuhaitz Gurrutxaga aurkezlea hartuko dituzte.

Bestalde, atal eta kolaboratzaile berriak izango dira Julen, Antton eta Zuriñerekin batera. Ramon Roteta eta Pili Manterola sukaldariek kozinatzen jarriko dituzten gonbidatuak 'Txef ala Txof' tartean. Bestalde, Joseba Beloki txirrindulari ohia duela asko ikusi ez ditugun pertsonekin elkartuko, eta gaur egun bizitza publikotik kanpo zertan ari diren eta nola bizi diren erakutsiko digu 'Aspaldiko!' atalean.

Yolanda Alzola astean behin etorriko da platora 'Ai Amatxo!' tartearekin, eguneko gonbidatuaren amarekin izango da. Ainhoa Sanchez, berriz, futbolaz mintzatuko zaigu.

Potilleoa izango da denboraldi honetako beste atal berria. Onintza Enbeita gonbidatuaren herrira joango da, eta kotileatu egingo du nolabait: non ibiltzen den, non hartzen duen kafetxoa, non mozten duen ilea, eta halako bitxikeriak, betiere, umore puntu batekin.

Maddalen Arzallusek atal berria estreinatuko du: Doinu-Kaxa. Gonbidatuaren bihotzeko kanta batzuk entzun, ikusi eta abestuko dituzte, eta, horretarako, irratsaio berezia antolatuko dugu platoan, mintzaleku eta guzti.

Denboraldi honetako Oroitzapenen kaxak Izaskun Moyanoren gidaritza izango du, eta Aitor Frantsesenaren eskutik, gaitasun urriko baina bizipoz handiko pertsonak ezagutzen jarraituko dugu, Marta Elviraren laguntzaz.

Jon Garatek kale inkestak egiten jarraituko du eta Aitziber Garmendiak Zuriñeren pertsonaia egiten jarraituko du; lantzean behin, Gorane agertuko da, eta 3. pertsonaia ekarriko digu: Virginia Santos. Kazetaritza ikasketak egiten ari den neska lotsatia.