Eneko Sagardoy izango du bidelagun Onintza Enbeitak

Durangaldean barrena ibiliko da 'Gure doinuak' saioa, bertako doinuak eta koplak bilduz

Anbotoren magaletan zabaltzen da Durangaldea eta magiaz eta misterioz betetako eskualde honetan, Eneko Sagardoy izango du Onintza Enbeitak bidelagun asteazkeneko 'Gure Doinuak' saioan.

Baina mitologiaz gain, musika eskualdea ere bada Durangaldea. Xabier Amuriza bertsolariak Durangaldean tradizio diren kopla zaharrak bildu ditu eta berarekin egingo du Onintzak solasaldia. Bestalde, Durangon denok ezagutzen ditugu Plateruena aretoa edo Plateruena plaza, baina nortzuk ziren Plateruak? Hauen inguruan galdetuko du Onintzak eta harrituko duen aurkikuntza bat egingo du. Gainera, koplen arrastoari jarraituz, Durangaldean sortu zen 'Katalintxu neska ederra' koplaren bertsio berriztatua entzungo dugu, koplaren protagonista den Katalintxuren herenilobaren eskutik: Maren. Abeslari gazte hau Youtubeko izarra bihurtzen ari da eta hamabost urterekin bere lehen diskoa atera du.

Baina koplez gain, badira beste doinu batzuk Durangaldean. Durangoko musikagintzan bada figura garrantzitsu bat: Eusebio Bilbao. Soinujole itsua, herriko musikan beti presente izan da eta bera ezagutuko dute bere ondorengoen ahotsean.

Bide osoa Eneko Sagardoyren konpainian egingo du Onintzak, eta Goya sariaren irabazleak orain arte ezezaguna genuen alderdi bat erakutsiko digu: pianoa jotzen duela. Ausartuko da kameren aurrean pianoa jotzen?

'Gure Doinuak' asteazkenetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB1en.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos