Lau emakume izango ditu protagonista 'Autentikoak' saioak

Alde batetik, Mariasun Quiñones eta Nerea Eizagirre Realeko jokalariak, eta bestetik, Elena Irureta eta Ane Gabarain aktoreak izango dituzte saioan

Ostegun honetako 'Autentikoak' saioan, lau emakume elkarrizketatuko dituzte Mikel Pagadik eta Fermin Etxegoienek. Alde batetik, Realeko bi jokalarik egingo diete bisita: Mariasun Quiñonesek eta Nerea Eizagirrek. Ondoren, 'Patria' telesailean protagonista rola jokatuko duten bi aktore ezagun izango dituzte: Elena Irureta eta Ane Gabarain.

Igaro den asteburuan, Realak historia egin zuen Erreginaren Kopa irabazita. Mariasun Quiñones atezaina finaleko jokalaririk onena izendatu zuten, bere geldialdi ikusgarriak giltzarri izan baitziren garaipena lortzeko. Nerea Eizagirre ere jokalari garrantzitsua izan zen finalean, nahiz eta zelaia utzi egin behar izan zuen lesionatu egin zelako. Horrenbestez, proiekzio handiko bi jokalari entzuteko abagune aparta izango da. Horrez gain, Ane Lindane kolaboratzaileak bere hamaikako propioa egingo du emakume zientzialari esanguratsuenekin.

Bestalde, HBO plataforma ekoizten ari den 'Patria' telesailaren aitzakian, Elena Irureta eta Ane Gabarain etorriko dira. Bikote horren ibilbide oparoa ere jorratuko dute, eta, besteak beste, 'Bi eta Bat' telesail arrakastatsua izango dute hizketagai.

'Autentikoak' ostegun honetan izango da ikusgai 22:30ean ETB1en eta eitb.eus-en.