Borrar
Alberto Muñagorri eta Mikel Ugalde, solasean. EITB
'Elkarri begira'-ren bigarren atala, 'Ur Handitan' saioan

'Elkarri begira'-ren bigarren atala, 'Ur Handitan' saioan

Errenteriara itzuliko da Xabier Madariaga, elkarbizitzarako urratsak eman dituzten beste herritar batzuk elkarrizketatzera

Martes, 15 de mayo 2018, 11:32

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

ETAren desagerpenaren ondorengo elkarbizitza izango du hizpide bigarren astez jarraian 'Ur Handitan' saioak astearte honetan, maiatzaren 15ean. Lehengo asteko Elkarri begira izeneko atalak oihartzun handia izan zuen, eta aste honetan Errenteriara itzuliko da Xabier Madariaga.

Naiara Zamarreño ETAk Errenterian hildako Manuel Zamarreño PPko zinegotziaren alaba, Julen Mendoza EH Bilduko alkatea, Xabier Oleaga kazetaria eta Jose Angel Rodriguez PSE/EE udal taldeko bozeramailea izan ziren lehengo asteko protagonista nagusiak. Aste honetan, berriz, elkarbizitzarako urratsak eman dituzten beste herritar batzuk elkarrizketatuko ditu Madariagak.

Bertha Gaztelumendi ARGITUZeko partaidea eta 'Memoria partekatu baterantz' txostenaren egileetako bat Errenterian bizi izan diren pasarte ez oso ezagun batzuei buruz mintzatuko da. Gaztelumendik Errenteriako historia bortitzean emakumezkoek izan duten papera azalduko du, eta baita bizikidetzaren alde emandako pausuak aipatu ere.

Mikel Ugalde euskaltzale eta kultur eragilea ere elkarrizketatuko du Xabier Madariagak. Bakearen Aldeko Taldearen sustatzaileetako bat izan da Errenterian Ugalde. Berarekin batera, Alberto Muñagorri azalduko da hizketan. 1982an, 10 urte zituela, ETAren lehergailu baten ondorioz hanka galdu zuen Muñagorrik.

Imanol Aizkorreta izango da beste partaideetako bat. 1983an bortizki torturatu zuten, eta gertaera horrek bere bizitza markatu du. Iparraldera egin zuen ihesi, eta 20 urtez bizi izan da Errenteriatik kanpo. 2003an itzuli zen. Juan Carlos Merino (PSE/EE) alkate ohiarekin elkartu dute saioan, iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egiteko.

Errenteriak iragan gogorra izan du: dozenaka atentatu, hildako, zauritu, atxilotu, torturatu... Baina aztarna mingarri hori lepoan eraman arren, herri aitzindaria izan da elkarbizitza eraikitzeko ekimenak antolatzen.

Errenteriatik abiatuta, beraz, Euskal Herriko errealitate berria, 'Ur Handitan' saioan, 22:30ean, ETB1en.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios