EiTBko pilota emanaldietan berrikuntzak izango dira

Urriaren 4tik aurrera, Abel Barriola eta Mikel Idoate arituko dira esatari lanetan Xabier Euzkitzerekin eta Josetxo Lizartzarekin. Bestalde, Elena Azpeitia eta Ane Muruamendiaraz elkarrizketez arduratuko dira

EiTBk pilota txapelketa eta jaialdi nagusiak eskaintzen jarraituko du, baina irudi berrituarekin. Urriaren 4tik aurrera, pilota emanaldietako gidariek, Xabier Euzkitzek eta Josetxo Lizartzak, bide lagun berriak izango dituzte: Abel Barriola eta Mikel Idoate. Bestalde, Elena Azpeitia eta Ane Muruamendiaraz elkarrizketez arduratuko dira.

Astean hiru pilota emanaldi izaten dira EiTBn: ostiral gauetan, larunbat arratsaldetan eta igande arratsaldetan. Xabier Euzkitze ostiraletan eta igandetan aritzen da, eta Josetxo Lizartza larunbatetan. Mikel Idoate izango da Lizartzaren esatari laguntzailea larunbatetan, eta Abel Barriola Xabier Euzkitzerena igandetan. Ostiraletan txandakatuz joango dira Barriola eta Idoate.

Biak ala biak pilotari profesionalak izandakoak dira, eta kantxan gertatzen dena euren begiradatik kontatzeko asmoz datoz. Abel Barriolak 19 urte eman zituen profesionaletan eta 38 urterekin hartu zuen erretiroa, 2017ko apirilean. Mikel Idoateren ibilbidea laburragoa izan zen. 2010ean debutatu zuen eta eskuko lesio bat tarteko, 2016an pilota utzi behar izan zuen, 26 urterekin. Ordudanik hainbat hedabiderekin kolaboratu du.

Iazko Lau eta Erdiko Txapelketako finalaren ostean ETBk egindako saio berezian elkarrekin aritu ziren partidaren analisia egiten, Pedro Mari Goikoetxearekin eta Juan Mari Juaristi Atano XIII.arekin batera. Aurtengo binakako eta buruz buruko finaletan ere eginbehar horretan aritu dira, eta urriaren 4tik aurrera, astero izango dira kamera aurrean.

Bestalde, esatarien kontakizuna osatzeko bi elkarrizketatzaile izango dira: Elena Azpeitia eta Ane Muruamendiaraz. Harmailetako protagonisten hitzak eta pilotarien balorazioak jasoko dituzte. Hitzordu nagusietan elkarrekin arituko dira, gainerakoetan bakarka.

Azkenik, emanaldien irudian eta eskaintzeko eran ere aldaketak antzemango dira, 'ETB Kantxa' saiorako propio sortu den estilo liburu berriari esker. Zallan ekingo diote denboraldi berriari, Lau eta Erdiko Txapelketarekin batera.