EITBk euskarazko telesail berria iragarri du

Basauriko espetxea./DV
Basauriko espetxea. / DV

1976 urtean bost presok Basauriko kartzeletik ihes egiteko egindako saiakera igorriko du

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

EITBk 1976 urtean Basaurin zenbait presok burutu zuten ihesaldi saiakeraren programa bat kaleratuko du. Hainbat zailtasun izan dituzte Pausoka ekoiztetxeak egingo duen programa jorratzeko. Hala ere, Euskal Irrati Telebistak aurten estreinatzea aurreikusten du.

Hiru urte luze daramatz hedabideak helduentzako euskarazko telesailik ekoitzi gabe. Izan ere, 2016ko udaberrian eman zuen azkena telesaila, 'Eskamak kentzen'. Proiektu berri honek 1976ko abenduan Basauriko (Bizkaia) espetxean egon zen ihesaldi saiakera kontatuko digu. Josu Bilbao EITBko fikzio arduradunak iragarri duenez gidoiari azken ukituak ematen ari dira, eta xedea telesaila aurten estreinatzea da.

ETAko Patxi Aranak eta Iñaki Aramaiok, PCE(r)-ko Pedro Martinez de Ilarduiak, eta Santiago Marcos eta Jose Vicente Daroca preso komunek protagonizatu zuten Basauriko kartzelako ihesaldi saiakera. Marcos eta Daroca presoak espetxeko teilatu azpian erabat itsua zen ganbara zabal batera iritsi eta ihesaldirako beharrezko zuten materiala ezkutatu zuten bertan.

Presoek soka luze bat utzi zuten teilatutik lurreraino zintzilik, polizia engainatzeko asmoz, ihes egin zutela irudikatuz. Honela, teilatu azpiko ganbaran ezkutatu egin ziren bost presoak benetako ihesaldirako tunela zulatzeko helburua zutelarik. 52 egunez egon ziren ezkutatuta, Guardia Zibilak aurkitu zituen arte.

Josu Martinez-en 'Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak' (Elkar) liburuan daude batuta istorio honen xehetasun guztiak, Arana presoaren lehen eskuko kontakizunean oinarritua. 52 egun kartzela barnean ezkutaturik pasa ondoren, Basauritik beste espetxe batzuetara aldendu zituzten bostak.

EITBk aurtengo udaberrian gertuko istorioak telesail bihurtzeko helburuarekin deialdi bat zabaldu zuen ekoizpen etxeentzat. Hedabide publikoaren asmoa lau atalez osatutako hiru telesail egitea da. Lehendabiziko atala Pausokak ekoitziko du, hurrengo hirurak oraindik zehaztuta ez dauden arren. EITBko fikzio arduradunak helarazi duenez: «Telebistaren hizkuntzarekin narratuko diren istorioak behar ditugu, prime time-an igotzeko egokiak; istorio indartsu eta hunkigarriak».