'EiTB Kultura Transit' saioa 'Agur Etxebeste!' pelikularen filmazioan izango da

Gainera, Oier Aldazabal zinema zuzendaria ezagutuko dute eta Fermin Muguruzaren kultur gomendioak eskainiko dituzte

Agur, Etxebeste! pelikularen filmazioan murgilduta dago Aupa Etxebeste! egin zuen lantalde bera. Bigarren zatirako gidoi egokia aurkitzeko denbora luzez lan egin ostean, Asier Altuna eta Telmo Esnal zuzendariek herriko udaletxera eraman dituzte oraingoan Etxebestetarrak. Iban Garate, Ramon Agirre, Elena Irureta eta Paco Sagarzazu jarri dira berriz familiaren azalean, eta gustura ekin diote filmazioari, hainbeste urteren ondoren, aspaldiko lagunekin ari baitira lanean bigarren zati honetan. Bergaran ari dira egunotan pelikula grabatzen, eta 'EiTB Kultura Transit' saioak bisita egin die.

Horrez gain, Zinemaldian aurkeztuko den euskal zinemari errepasoa egingo dio saioak, eta Zinemira sailean lehen filma aurkeztuko duen zuzendari berri bat emango du ezagutzera: Oier Aranzabal. Kazetari eta musikari izateaz gain, zinemagintzan estreinatu da Margolaria dokumentalarekin. Lan honek Mikel Urdangarin musikari zornotzarra du protagonista. Artista baten sortze prozesua eta eszenatokiaren atzealdeko bizitza erakutsi nahi du filmak, Alain Urrutia margolaria 'alter egotzat' hartuta.

Fermin Muguruzarentzat ere egun handiak dira hauek. Black is beltza proiektuak bere bidea egiten jarraitzen du; Zinemaldian aurkeztu eta aurki estreinatuko du animazio filma. San Telmon ikusgai duen izen bereko erakusketa aprobetxatu dute bere kultur gomendioez galdetzeko: Robert Johnson eta Rosalíaren musika, Eider Rodriguez eta Eduardo Galeanoren liburuak, eta Francis Ford Coppolaren Apocalypsis now filma ekarriko ditu, besteak beste, 'EiTB Kultura'ren zakura.

'EiTB Kultura Transit' ostegun gauean emitituko da ETB1en eta ETB2n.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos