Eibarko San Juan jaietako kontzertu erraldoia, 'Oholtzan' saioan

Untzaga plazan grabatutako kontzertua izango da ikusgai astearte honetan. Bertan izango dira, besteak beste, Trio Medianochek, Eibarko Sostoa Abesbatza eta EKG Eibar Koru Gaztea

Eibarko San Juan jaietan, ekainaren 22an, Untzaga plazan grabatutako kontzertu erraldoia izango da eguberri egunean ikusgai, abenduaren 25ean. Eibartarrak diren taldeek hartuko dute parte ikuskizunean; Trio Medianochek, Eibarko Sostoa Abesbatzak eta EKG Eibar Koru Gazteak. Halaber, Sergio Sanabria abeslariaren eta Joxe Mari Orbegozoreren eta Azpeitiako Dantzaki Dantza eskolako dantzarien parte hartzea izango du ikuskizunak.

Antzinako eta gaur egungo abestiak uztartzen dira emanaldian. Taldeetako bat Trio Medianoche izango da. 2013. urtean, Jesus Bastida eibartarrak sortutako taldea da. Honek, Bernardo Aguilera eta Pedro Bartrarekin batera osatzen dute taldea. Eibarren ikuskizun hau eskaintzeak badu zerbait berezia, beren ikuskizunen lekua izan baita sarritan. Emanaldi berezia izan da oso Mexikoko abestiak kantatzen dituen talde honentzat.

Sostoa Abesbatza, berriz, herri mailan egindako deialdi baten ondorioz 1984. urtean sortutako abesbatza da. Andres eta Manuel Sostoa Zuloaga anaiei zor zaie izena. Abestabatza, Eibarko ekitaldi nagusietan beti egon da presente; halaber, Euskal Herrian zehar eta atzerrian ere emanaldi ugari eskaini izan dituzte.

EKG Eibar Koru Gaztea Juan Bautista Gisasola Musika eskolan sortutako abesbatza da. Gaur egun Eibar, Ermua eta Elgoibarko 20 gazteek osatzen dute. Elena Marti Lapeyark 2008. urtean sortu zuen, Eibarko harrobia izateko xedearekin. Urte hauetan hainbat ekitalditan hartu dute parte, baita Euskal Telebistako 'Oh Happy Day' saioan ere. Musikaz gainera, erakusten dituzten koreografiak ere aipagarriak dira.

Eibarko Udalak eta ETBk antolatutako ikuskizun hau asteartean izango da ikusgai, 22:45ean, ETB1en.

Temas

Euskera