Donostia Ospitalera bisita, 'Handitzen, Handitzen' saio berriaren estreinaldian

Zuhaitz Gurrutxagaren gidaritzapean, saio berria estreinatuko da igande honetan ETB1en, 'Herri Txiki, Infernu Handi'k utzitako tartean

Donostia Ospitalea ezagutzera eramango gaituzte igande honetan Zuhaitz Gurrutxagak eta bere sei lagunek (Irei, Izar, Irantzu, Maddi, Aratz eta Oneka) 'Handitzen, Handitzen' saioaren estreinaldian. Euskal Herriko leku enblematikoak barrutik ezagutzea du helburu ETB1eko saio berriak. Horretarako, Zuhaitzek, astero, bost edo sei laguneko haur taldearen konpainia izango du.

Irantzuk eta Zuhaitzek larrialdien zerbitzuak nola funtzionatzen duen deskubrituko dute. Bertan, Miren Koro medikuarekin hitz egin ostean, Irantzuren ametsetako bat betetzea eskatuko diote: hanka apurtu eta eskaiola jartzea!

Irei izeneko mutikoarekin, ordea, ospitaleko sukaldea bisitatuko du aurkezleak. Ustez munduko arrain zoparik onena probatzeko aukera izango dute, baina Ireiri sekulako zalantza sortuko zaio: bere amonarena baino hobea al da ospitaleko arrain zopa?

Saioa Algaraklown taldeko kidea da, eta sarritan joaten da ospitalera ingresatuta dauden umeei irribarre edo barre batzuk ateratzeko asmoz. Izar eta Oneka haurrekin batera Zuhaitzek Saioaren lana ezagutzeko aukera izango du.

Donostia Ospitaleko lurreko koloretako marrak jarraituz Aratzek eta Zuhaitzek Mikel izeneko erizain batekin egingo dute topo. Erizain bezala lan egiteak dituen gauza politak deskubritzeaz gain, ospitaleko langileek euren uniformeak non hartzen dituzten ikusiko dute Mikelekin batera.

Azkenik, bi parranda zale amorratu elkartuko ditu Zuhaitzek: 10 urteko Maddi eta ospitaleko zeladorea den Joxe Mari. Tartean, Julian izeneko paziente bat ere ezagutzeko aukera izango da.

Umorea, une politak eta sorpresa ugari izango dira 'Handitzen, Handitzen' saioaren estreinaldian, igandean, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.