'DantzanGo!' dantza talent show-aren estreinaldia, gaur ETB1en

Zortzi aurpegi ezagunak eta, erdian, Zuriñe Hidalgo aurkezlea/
Zortzi aurpegi ezagunak eta, erdian, Zuriñe Hidalgo aurkezlea

Zuriñe Hidalgok aurkeztutako saioan Euskal Herriko hamasei dantza talde lehiatuko dira zortzi aurpegi ezagunekin batera

Asteazken honetan, Euskal Telebistak 'DantzanGo!' dantza talent show berria estreinatuko du. Zuriñe Hidalgok gidatuko duen saio honetan hamasei dantza taldek parte hartuko dute eta aurpegi famatuekin batera lehiatuko dira, adituen epaimahai baten aurrean euren koreografia ahalik eta hoberen defendatzeko. Edozein estilotan dantzatzen duten taldeek parte hartuko dute lehiaketan: street dance, hip hop, break dance, euskal dantzak, dantza modernoa, klasikoa, balleta, sabel-dantza...

Zortzi pertsonaia ospetsuk parte hartuko dute saioan: Iñigo Txapelpunk, Iker Villa, Manu Maritxalar, Mitxel Santamarina, Miren Arrieta, Tania Dosousa, Ylenia Baglietto eta Ainara Ortega. Bakoitzak dantza talde batekin prestatuko du emanaldia, astero talde ezberdin batekin, eta euren ardura, dantzatzeaz gain, abestea ere izango da. Ospetsu eta taldearen artean elkarlana burutu beharko dute eta ikuskizun oso bat gauzatu astero-astero.

Saio bakoitzean talde irabazle bat eta kanporatu bat egongo da eta bere ordez berri bat sartuko da. Era honetan, lau dantza talde iritsiko dira finalera eta azken irabazle bat egongo da. Talde irabazleak 'Go!azen' telesaila arrakastatsuaren hurrengo denboraldian dantzatzeko aukera izango du.

Hiru dantza adituk osatutako epaimahai batek erabakiko du asteroko puntuaketa, eta beraien eskuetan egongo da saioko irabazle eta kanporatua aukeratzea. Ainhoa Etxebarria Gazteako esatariak, Paula Bujanda dantzari ohi eta dantza irakasleak, eta Asier Zabaleta dantzari ohi eta koreografoak osatuko dute epaimahaia.

'DantzanGo!' asteazken honetan izango da ikusgai 22:30etik aurrera ETB1en.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos