'El conquistador del fin del mundo' saioaren hautaprobak luzatu dituzte

Hautaprobetako irudi bat./ EITB.eus
Hautaprobetako irudi bat. / EITB.eus

Hamaseigarren ediziorako hurbildu den jende kopuru handiaren aurrean, probak egun bat gehiago luzatu dituzte eta astelehenean Donostian izango dira

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

'El Conquistador del Fin del Mundo' realityaren hurrengo edizioan parte hartzeko castingak jendetsuak ari dira izaten. Hiru egunetan, 600 pertsona baino gehiago hartu dituzte Iruñean, Donostian eta Gasteizen egindako aurrez-aurreko probetan. Arduradunen esanetan, mila laguneko langa erraz gaindituko dute.

Horregatik, uztailaren 8an, Donostiako Silken Amara hotelera itzuliko dira, parte hartzerik izan ez duten hautagaiei aukera berri bat emateko.

Aurrez aurreko probetara joaterik ez dutenek, online castinga egiteko aukera izango dute: bideo bat bidali beharko dute eitb.eus-eko 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioaren webgunearen bidez.

Arduradunen esanetan, aurtengo hautagaiak aurreko urtekoak baino gazteagoak dira, 18-25 urte bitartekoak, hain zuzen ere. Belaunaldi aldaketa bat egon da eta asko dira saioan parte hartu nahi duten gaztetxoak. Aurreko edizioko Caballo edo Ianire lehiakideen pausuak jarraitu nahi dituzte eta haiek izandako jokaera goraipatzen dute. 'El Conquis'-en harrobia badagoela dirudi, izan ere, hautagai gehienak umetatik programaren jarraitzaileak dira eta lehiaketan parte hartzeko irrikaz daude.

Aurreko urteetan bezala, mutilen kopurua neskena baino altuagoa da: hautagaien % 25 emakumeak dira eta % 75 gizonezkoak. Hala ere, emakumeen artean maila altua dago eta Donostian, batez ere, emakume kopurua nabarmena izan da.

Aurten, gainera, argi geratu da saioak muga geografikoak gainditzen dituela; izan ere, munduko txoko guztietako bizilagunek hartu dute parte castingetan.

Hautagaiek argazkia atera eta inprimakiak bete ondoren, kamera aurreko aurkezpenari eta galderei egin behar diete aurre. Sekretua naturaltasunez jokatzea eta zintzotasunez erantzutea da, eta, antolatzaileen esanetan, aurkezpenean egin eta esango direnak prestatuta eramatea da onena.

Bakoitzaren historia entzun nahi dute eta hautagaiek gauzak argi dituztela erakustea.

Gaitasun fisikoak izatea abantaila dela dirudien arren, beste ezaugarri batzuk ere izan behar dituzte. Abenturako baldintza gogorrei aurre egiteko, indartsu egon beharra dago bai fisikoki eta baita psikologikoki ere. Edizio ezberdinetan ikusi ahal izan dugun bezala, estrategia bat jarraitzeak lehiakide asko eraman ditu finalera.