Boxeoa eta Euskal Herriko itzuliaren bosgarren etapa, besteak beste, ETB1en ikusgai

Gainera, 'ETB Kantxa' saioan, Mallabian jokatuko duten pilota jaialdia ikusi ahalko da

Vasily Lomanchenko eta Jose Pedraza pisu arineko munduko txapelketan izango dira aurrez aurre. Ostiraleko 'Boxeo Izarrak' saioak Lomanchenko eta Pedrazaren arteko norgehiagoka eskainiko du. Pisu arineko munduko titulua bateratzeko neurketa da. Lomachenko ukrainarrak urrezko bi domina eskuratu zituen joko olinpikoetan eta beste horrenbeste munduko txapelketetan. Afizionatu mailan, bere zenbakiak benetan harrigarriak dira: 396 irabazi eta bakarra galdu.

Profesional legez ere, lorpen ikaragarriak ditu, 12 borrokalditan 10 aldiz izan delako munduko gerrikoaren jabe hiru pisu ezberdinetan. Pedraza ere munduko txapelduna da. Bakoitzak bere gerrikoa ipiniko du jokoan. Emanaldia osatzeko erabiliko duten bigarren borrokaldian Anthony Crolla britainiarra eta Edson Ramirez mexikarra arituko dira. 'Boxeo Izarrak' ostiral honetan izango da ikusgai 00:25ean ETB1en.

Horrez gain, Mallabian jokatu den pilota jaialdia izango da ikusgai 22:00etatik aurrera. Lehenago, ordea, Euskal Herriko itzuliaren bosgarren etapa jokatuko da, Arrateko etapa ikusgarria, eta ibilbide laburra baina gogorra egin beharko du tropelak.

Etapa honek zazpi mendate izango ditu, tartean, lehen mailako Izua eta Usartza. ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean bat egingo dute lasterketarekin 15:00etatik aurrera, eta Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak eta Alfontso Arroiok egingo dute emanaldiaren zuzeneko kontakizuna.

Gaueko 'ETB Kantxa' saioak, bere aldetik, Mallabian jokatuko den pilota jaialdia eskainiko du 22:00etatik aurrera. Hasteko, Retegi Bi - Erostarbe eta Mendizabal III - Tolosa bikoteek jokatuko dute atariko partida; ondoren, Irribarria - Etxebarria eta Elordi - Martija izango dira aurrez aurre jardunaldiko neurketa nagusian.

Xabier Euzkitzek, Joxean Tolosak eta Elena Azpeitiak egingo dute kontakizuna ETB1en eta eitb.eus-en.

Temas

Euskera